Frantziako Tourra

Simon Yatesek irabazi du Pirinioetako lehen etapa

Esprintean gailendu da Mitchelton-Scotteko txirrindularia. Pello Bilbaok bigarren zeharkatu du helmuga, eta gertu izan du Tourreko lehen garaipena.

Simon Yates, helmugan, garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO, EFE
Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 18a
07:10
Entzun

Simon Yates (Mitchelton-Scott) izan da azkarrena esprintean, eta berea da Frantziako Tourreko hamabigarren etapa. Pello Bilbao (Astana) bigarren helmugaratu da, eta gertu izan du garaipena; sailkapen nagusian ez dago aldaketa esanguratsurik, eta Julian Alaphilippek (Deceuninck – Quick Step) jarraitzen du lider.

Pirinioetako lehen etapa izan da, Frantziako Tourreko hamabigarrena. Lasaia izan da etapa hasiera, laugarren mailako mendate batekin. Pirinioetan sartuta, ordea, exijentzia handiko tontorrak igo behar izan dituzte; lehen mailako bi mendate, hain zuzen. Azken kilometroak maldan behera ziren.

Etapa hasieran izan dira eguneko ihesaldia egiteko saiakerak, baina hutsalak izan dira. Lehia handia ikusi ahal izan da txirrindularien artean. Guztiak batera joan direnez, tropelak oso erritmo altua izan du lehen kilometroetan. Etapa hasierako 40 kilometroak eginda, berrogei txirrindulari eguneko ihesaldian sartu dira, horietatik hamabik irabazita dute etaparen bat Tourrean. Ihesaldian ziren bi euskaldun: Imanol Erviti (Movistar) eta Pello Bilbao. Peyresourdeko igoera hastearekin batera, erritmo aldaketak izan dira, eta eguneko ihesaldikoak sakabanatu egin dira. Tropelak lasai hartu du. Hortik aurrera, hainbat aldaketa egon dira lasterketa buruan.

Amaitzeko 32 kilometro falta zirela, Simon Yates, Gregor Mühlberger (Bora-Hansgrohe) eta Pello Bilbao jarri dira lasterketa buruan, eta hirurak batera iritsi dira amaierara. Esprint estua izan da, eta Simon Yates izan da irabazlea; lehen Tourreko etapa garaipena du. Minutu batetik gorako aldea atera diete jarraian helmugaratu diren ihesaldikoei; tropelak, berriz, bederatzi minutu pasatuta zeharkatu du helmuga. Bigarren helmugaratu da Pello Bilbao. Gertu izan du garaipena, baina onartu du indarrik gabe iritsi dela amaierara. Giroko bi etapa irabazi ditu aurten, eta lehen Tourra du hau. Hurrengo etapan, erlojupekoan lehiatuko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.