Langabezia

Langabezia tasa %9,6ra jaitsi da EAEn bigarren hiruhilekoan

Enpleguak Gipuzkoan egin du gora gehien, 6.400 okupatu gehiagorekin; 3.900 gehiago dira Araban; eta 1.400, Bizkaian

Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 19a
10:43
Entzun

Eustaten azken hiruhileko inkestaren arabera, langabezia tasa %10etik behera jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %1,2 egin du gora biztanleria okupatuak. Hau da, martxotik ekainaren amaierara bitartean 6.700 langabe gutxiago kalkulatu ditu Eustatek, eta 11.700 landun gehiago.

Ez da lehenengo aldia krisia sortu zenetik langabezia tasa Eustatek %10etik behera kokatzen duena: 2018ko hirugarren hiruhilekoan %9,5ean kokatu zuen, baina berriz ere gora egin zuen iazko azken hiruhilekoan (%10,3ra), eta aurtengo lehenengoan ere %10etik gora jarraitu du (%10,2an).

Dena dela, lurraldeka, errealitatea ezberdina da, eta Bizkaian langabezia tasak %10eko langatik gora dago oraindik ere. Gipuzkoak dauka tasarik apalena, %6,7; Arabak %9,8ko langabezia tasa dauka; eta Bizkaiak, berriz, %11,3koa.

Okupazioa

EAEn, guztira, 947.900 pertsona ari dira lanean, eta jarduera tasa %56,7 da. Hiriburuei erreparatuz gero, Gasteizen hazi da gehienbat okupatuen kopurua (+2.800), alde handiarekin. Izan ere, Donostian, bigarren hiruhilekoan, 200 okupatu gehiago baino ez dira egon, eta, Bilbon, biztanle okupatuen kopurua murriztu egin da, aurtengo lehen hiruhilekoarekin alderatuta (-1.000).

Okupazioaren igoerak batez ere emakumeei egin die mesede: martxotik ekainera gehitutako 11.700 okupatu berrietatik 8.700 emakumeak dira, eta 3.000 gizonezkoak. Edozelan ere, langabezia tasa ia bi puntu handiagoa da emakumeen artean: %10,5eko langabezia tasa daukate emakumeek, eta %8,7koa, berriz, gizonezkoek.

Adinari erreparatuz gero, langabezia tasa handitu egin da 16 eta 24 urte bitartekoen artean: %19,7 zen aurtengo lehen hiruhilekoan, eta %20,6 da bigarrenean. 25 urtetik 44 urtera bitartekoen artean, berriz, jaitsi egin da langabezia tasa martxotik ekainera: %11,6tik %9,5era. Bestalde, 45 urtetik gorakoen artean ere gora egin du langabezia tasak: %8,1etik %8,6ra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.