Bilboko Portuak trafikoari eutsi dio

Petronorrek bi geldialdi tekniko egin arren, %1 soilik jaitsi da mugimendua urteko lehen seihilekoan.

Bilboko Portua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 22a
16:31
Entzun

Aurreikuspenak ez ziren onenak, baina Bilboko Portuak ia lortu du 2018 urteko emaitzak berdintzea urtarriletik ekainera bitarteko tartean. Petronor findegiak bi geldialdi egin ditu hobekuntzak egiteko hilabete hauetan zehar, eta horrek Bilboko Portuan 1,6 milioi tona gutxiago mugitu izana eragin du; Halere, %1 soilik jaitsi da trafikoa. Portuak argitaratu dituen datuen arabera, geldialdi horiek izan ez baziren %7 baino gehiago igoko zen trafikoa.

Goranzko joera du itsas trafikoak eta hazkunde ekonomikoa ere kontuan izanda, urtea %2ko hazkundearekin amaitzea espero du Bilboko Portu Agintaritzak. Petronorren geldialdiak petrolio gordina eta fuel olio astunaren trafikoak nabarmen behera egin izana eragin du, baina gasaren, gasoilaren eta bioerregaien mugimenduari esker egin diote aurre beherakadari. Besteak beste, BBG Bizkaiko Badia Gasak bikoiztu egin du Portuan duen mugimendua.

Bilboko Portuak 34,9 milioi euroko negozio kopurua sortu du aurten; aurreko urtean 35,4 milioikoa izan zen. Portutik adierazi dutenez, "gutxiagotze hau Bilboko Portua erabiltzaile eta bezeroei tasak beheratzeko garatzen ari den estrategiarekin bat dator, portu lehiakorragoa izan nahi du eta".

Inbertsioei dagokienez, Portu Agintaritzak 60,4 milioi inbertituko ditu aurten, besteak beste, garatzeko kai zentralaren lehen fasea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.