Gasteizko jaiak

Zeledoni abisua, hiru kooperanteren eskutik

Osasun arloko hiru langile kooperantek botako dute Gasteizko jaiei hasiera emango dien suziria.

Berria
2019ko uztailaren 22a
10:32
Entzun

Gasteizko Udalak ezagutarazi du nortzuk botako duten jaien hasierarako suziria. Imanol Vega traumatologoak, Adela Fonseca erizainak eta Francisco Granados ortopedistak bereganatuko dituzte begirada guztiak, abuztuaren 4ko 18:00etan. Hiru profesional horiek urtean hainbat aste ematen dituzte Bolivian eta Beningo Errepublikan, eritasun larriak dituzten herritar baliabiderik gabeak laguntzen.

Aurtengo jaien hasierako suziria botatzeko arduraduna aukeratzea EAJko Gasteizko Udaleko ordezkariei dagokie. Gorka Urtaran alkateak azaldu du askoz osasun profesional gehiago direla kooperante, baina hiru horiek aukeratu dituztela "mugarik gabeko elkartasuna eta eskuzabaltasuna" islatzeko. "Aurtengo txupinero izendatuz, haien lana aitortu nahi dugu, eta gure esker ona eta miresmena adierazi".

Suziria piztuko duten osasun arloko hiru profesionalek esker ona adierazi diete Gasteizko Udaleko ordezkariei. "Ez dago Andre Maria Zuriaren jaietako txupineroa izatea baino ohore handiagorik", azaldu du Vegak, aukeratutakoen izenean. "Suziria, jaiak hasteko ez ezik, ‘eskerrik asko’ handia izatea nahi dut, itzalean lan egiten duten eta hemen egoterik ez duten kooperanteen partetik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.