ELA: "Euskal produkzio ehuna pribatizatzeko pauso bat da funts publiko-pribatua"

Sindikatuak salatu du errotzea baino gehiago enpresa erentagarritasuna lehenetsi duela Jaurlaritzak.

Iñigo Urkullu lehendakaria, asteleheneko agerraldian. IREKIA
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 24a
16:27
Entzun

ELA sindikatuak esan du ETE enpresa txiki eta ertainei laguntzeko Eusko Jaurlaritzak astelehenean aurkeztu zuen funts publiko-pribatua, euskal produkzio ehunaren pribatizaziorako pauso bat gehiago besterik ez dela. Funts hori diru pribatuz osatua egongo da nagusiki —100 milioi euro ditu, eta euskal instituzioek 15 milioi jarriko dituzte— eta ABE Capital Partners sozietate estatubatuarrak kudeatuko du. ELAk ohar batean adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak hainbeste hitz egiten duen errotzea alde batera utzi eta enpresa errentagarritasuna erabat lehenetsi du" erabaki horrekin.

Bi funtsen sorreran sindikatuei iritzia emateko eta diseinuan eragiteko aukerarik ez ematea ere egotzi dio ELAk Jaurlaritzari. Euren ordez, PwC Price Cooper Waterhouse zerbitzuen laguntza jaso duela esan du, eta gaineratu du kontsultora hori "EAJn ardura ezberdinak dituzten pertsonen ate birakari bihurtzen ari dela".

Sindikatuak uste du astelehenean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak emandako prentsaurrekoa propaganda hutsa izan zela, ez baitzituzten inbertsio funtsen helburuak zehaztu. Hazkundea, enpreguaren sorkuntza eta aberastasunaren sorrera izan ziren Jaurlaritzaren argudioak, baina sindikatuak argi du arrazoi horiek bilakatu direla "prekarietatean, enpresetan parte hartze publikoa dagoen lan baldintzen ikuskatze faltan eta Naval bezalako sektore estrategikoen itxieran".

Halaber, ELAk argi utzi du bat datozela erakunde publikoak enpresa pribatu jakin batzuk kapitalean sartzearekin. Enpresa horietan diru publikoa jarri aurretik, ordea, zenbait baldintza ezinbestekoak izan daitezela eskatu du sindikatuak: prekarietaterik edo soldata arrakalarik ez izatea; lan osasuna bermatzea; edota euskara sustatzea, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.