Langabezia

Euskal Herriko langabezia tasa %8,3ra jaitsi da

EBn bost herrialdetk dute langabezia tasa handiagoa: Greziak, Espainiak, Kataluniak, Italiak eta Frantziak

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulego bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 25a
07:16
Entzun

Euskal Herrian 123.700 langabe zeuden joan den ekainaren amaieran, Gaindegiaren arabera: aurreko hiruhilekoan baino 12.900 gutxiago, eta iazko ekainean baino 22.100 gutxiago. Horrela, langabezia tasa %8,3ra jaitsi da, martxotik ekainera 0,79 puntu apalduz. Hamarkada oso bat egin behar da atzera hain langabezia tasa apala topatzeko.

Gaindegiak INEren azken datuak eta INSEErenak kontuan hartuta egin ditu Euskal Herri osoko langabeziaren kalkuluak. Lurraldez lurralde, eta INEren inkestaren arabera, Bizkaian gertatu da langabezia tasaren jaitsierarik handiena (-1,49 puntu), eta jaitsiera leunagoa baina aipagarria izan da Gipuzkoan (-0,9). Aldiz, Nafarroa Garaian eta Araban puntu erdi jaitsi da tasa, eta Ipar Euskal Herrian 0,08 puntu baino ez da murriztu.

Dena dela, Gaindegiak egin ditu Euskal Herri osorako kalkuluak ere Eustaten azken inkesta aintzat hartuta, eta emaitzak ezberdinak dira INEren datuekin alderatuta. Izan ere, Eustaten arabera, Araban jaitsi da gehien langabezia tasa (-1,6), eta Bizkaiko jaitsiera ez da izan INErena bezain nabarmena (-0,1).

"Oro har, bi iturrien emaitzak ez datoz bat ez biztanleria aktiboa ezta langabe gordinen kopuruak azken hiruhilekoan izandako bilakaeran ere", azaldu du Gaindegiak. Eustatek adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona aktiboen igoera 5.000 izan dela, eta langabeen jaitsiera 6.700. INEk, ordea, adierazi du gutxiago direla pertsona aktiboak (-1.100) zein langabeak (-10.300). "Azpimarratzekoa da langabe kopuruaren beherakadan bat baldin badatoz ere diferentzia nabarmena dagoela biztanleria aktiboaren joeran, INEk jaitsiera adierazi baitu, eta Eustatek, igoera", gaineratu du Gaindegiak.

Edonola ere, joerak alde batera lagata, Euskal Herriko langabezia tasarik handiena Bizkaian dago: %9,7, INEren arabera, eta, %11,3, Eustaten arabera. Ostera, tasarik apalenak Ipar Euskal Herriak (%7,4) eta Gipuzkoak (%7,1) dauzkate. 

Europako Batasunarekin alderatuta, Euskal Herriko langabezia tasak bilakaera hobea izan du EBkoak baino azken hiruhilekoan: 0,5 puntu jaitsi da tasa EBn, eta 0,79 Euskal Herrian. Hala eta guztiz ere, Euskal Herriko langabezia tasa oraindik ere EBkoa baino 2 puntu handiagoa da, nahiz eta bi tasen arteko aldea aurreko hiruhilekoan baino txikiagoa izan. Gaur-gaurkoz, beraz, Euskal Herriak baino langabezia tasa handiagoa daukate EBn bost herrialdek: Greziak (%18), Espainiak (%14), Kataluniak (%11,2), Italiak (%10), eta Frantziak (%8,4).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.