Txirrindularitza

Nairo Quintanak irabazi du Alpeetako lehen etapa

Galiberreko igoeran eraso oldarkorra jo du, eta nagusitasunez gailendu da Movistarreko txirrindularia

Nairo Quintana etapa garaipena ospatzen. YOAN VALAT / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 25a
07:48
Entzun

Nairo Quintanak (Movistar) irabazi du Alpeetako lehen etapa, Frantziako Tourreko hemezortzigarrena. Eraso indartsua jo du Galiberreko igoeran (23km. eta %5,1eko pendiza), ibilbideko azken mendatean, eta bakarrik iritsi da helmugaraino. Romain Bardetek (AG2r) amaitu du bigarren, Quintanarengandik 1.35era. Sailkapen nagusian ez da aldaketa handirik izan. Julian Alaphilippek (Deceuninck- Quic Step) maillot horiari eutsi dio, eta berak jarraitzen du lider. Egan Bernal (Ineos), berriz, bigarren posturaino igo da, eta 32 segundo jan dizkio Alaphilipperi. Postu bat jaitsi da Mikel Landa (Movistar). Zortzigarren dago orain.

Alpeetako lehen etapa jokatu da, Tourreko gogorrena. 208 kilometro egin dituzte txirrindulariek Embrun eta Valloire artean. Guztira, 5.000 metro baino gehiagoko desnibel positiboa igo behar izan dute txirrindulariek. Hiru mendate gogor zituen: Vars (2.109 m.), Izoard (2.360 m.) eta Galibier (2.642 m.). Azken tontorretik hogei kilometroa zegoen helmuga.

Erasoz beteriko hasiera izan da, abiadura bizikoa. 47 kilometroren ondoren egin da eguneko ihesaldia, 34 txirrindularik osatuta. Tartean zegoen Nairo Quintana etapako irabazlea ere. Tropelari sei minutu ateratzen zizkiotela ekin diote ihesaldikoek lehen mendate gogorra igotzeari. Ez da abiadura aldaketarik egon tropelean. Bai ordea, Izoarden. Marc Solerrek (Movistar) erritmoa bizkortu du, eta une batean tropelean hemezortzi kide bakarrik izatera iritsi dira. Ihesaldikoen artean eraso ugari egon dira, eta lasterketa buruan aldaketa asko egotea eragin du horrek. Galiberteko igoeran etorri da erasorik indartsuena. Nairo Quintana izan da protagonista. 25 kilometro falta zirela egin du eraso, eta helmugaraino bakarrik joan da Movistarreko txirrindularia. Nagusitasunez gailendu da, eta Tourreko hirugarren etapa garaipena irabazi du. Zazpigarren da orain sailkapen nagusian. Faboritoen multzoan, berriz, Egan Bernal izan da abilena. Honek ere Galiberteko igoeran jo du erasoa. Sailkapen nagusian bigarren da orain, Alaphilippetik 1.30ra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.