Txibiteren inbestidura

Ahal Dugu-ko militanteek gobernu koalizioaren aldeko hautua egin dute

Barne galdeketa egin du Ahal Dugu alderdiak, militanteek PSN, Geroa Bai eta Ezkerrarekin egindako akordioaz duten iritzia jakiteko. Hamarretik zortzik babestu egin dute. Ostegunean izango da lehen inbestidura saioa.

Ramon Alzorriz (PSN) eta Eduardo Santos (Ahal Dugu), Nafarroako Parlametuan. JESúS DIGES, EFE
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 30a
15:34
Entzun

Geroz eta ordu gutxiago falta dira Nafarroako hurrengo lehendakaria izendatzeko lehen inbestidura saioa hasteko. Ezezkoak eta abstentzioak oraindik airean, inbestidurarako aurkeztuko dela iragarri du Maria Txibite sozialistak. Bitartean, azken kontsultak egiten ari dira alderdiak. Atzo egin zuen kontsulta Nafarroako Ahal Dugu alderdiak, militanteen iritzia jakin eta koalizioa osatzeko asmoarekin aurrera jarraitu edo ez jakiteko. Asmoa da koalizio gobernu bat osatzea PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu-k —Ezkerrak ere babestu du akordioa, baina ez da gobernuan sartuko—.

Ahal Dugu-ko militanteek koalizioaren aldeko hautua egin dute. Alderdiak plazaratu dituen datuen arabera, militanteen hamarretik zortzik egin dute Txibite hautagaiaren inbestidura babesteko hautua. Besteek, berriz, inbestidura babestu baina koaliziorik ez osatzearen eta abstentzioaren aldeko hautua egin dute: %15ek eta %5ek, hurrenez hurren. Alderdiaren arabera, %65eko parte hartzea izan du barne galdeketak.

Horrela, koalizioa osatzeko aurreikusten zituen hiru alderdien babesa ziurtatua du Txibite sozialistak. Ostegunean izango da lehen inbestidura saioa, 12:00etan, eta Maria Txibite hautagaiak hartuko du lehen hitza. Ondoren, gainerako alderdien txanda izango da. Aurreikuspenen arabera, 20:30ean hasiko da bozketa. Lehen saio horretan, ezinbestekoa da gehiengo osoa lortzea. Txibitek, ordea, ez du nahikoa babesik gehiengo osoa lortzeko, lau alderdien arteko baturak ez baitu ematen. Guztira, 26 eserleku behar dituzte gehiengo osoa lortzeko, baina koalizioari hiru eserleku falta zaizkio kopuru hori lortzeko.

Ostiralean egingo da bigarren saioa. Aukera horretan, nahikoa izango da gehiengo sinplea lortzea Nafarroak lehendakari sozialista izan dezan. Horretarako, EH Bilduren abstentzioa behar du Txibitek. Hori, bada, EH Bilduko militanteek erabakiko dute, alderdiak egingo duen barne galdeketa baten bitartez. Gaur galdetuko die militanteei, eta bihar emango du emaitzaren berri, 10:00etan. Bi aukeren artean hautatu beharko dute EH Bilduko militanteek: ezezkoa edo abstentzioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.