Zinemaldia

Aurten ere, 'Zurriolako butaka' euskarazko zinema saioa Kursaaletik

Elkarrekin arituko dira BERRIA, Hamaika, Kanaldude, Irutxuloko Hitza, Gaztezulo eta Zinea.eus. Aurkezlea Anabel Arraiza izango da. Fermin Muguruzak saioari babesa adierazi dio bideo batean.

Berria -

2019ko irailak 3

Hilaren 20tik 28ra egingo dute 67. Zinemaldia, eta egun horietan gertatzen den guztia Zurriolako butaka telebista saioan ikusi ahalko da. Zortzigarren urtez egingo dute saioa, Donostiako Kursaaletik. Ohi bezala, euskal zinemak izango du lehentasuna. Baina sail guztietan estreinatuko dituzten pelikula, dokumental eta film laburrek izango dute tartea. Bai sortzaileen, bai kritikarien bai hedabideetako kazetarien ahotan.

Elkarrizketak dira programaren ardatza, baina askotariko bideoek osatzen dute Zurriolako butaka. Hainbat urtez Inaxio Esnaolak aurkeztu zuen saioa, baina, iaz, Anabel Arraizak hartu zion erreleboa. Hamaika telebistan hainbat saio aurkeztu ditu Arraizak azkeneko hiru urteetan. 

Ohiko moduan, saioa BERRIAren webgunean ikusi ahalko da, baita telebista tradizionalaren bidez Hamaikaren eskutik ere. Sare sozialetan ere zabalduko dituzte programako eduki guztiak. #Zbutaka traola erabiliko dute.

Iaz, Black is Beltza filmari buruz Fermin Muguruzarekin eta Beñat Beitiarekin egin zuten elkarrizketak oihartzun handia izan zuen. Eta Muguruzak bideo batean babesa eman dio programari eta zinemazaleak animatu ditu saioarekin bat egin dezaten.

Hilaren 17an aurkezpen bat egingo dute saioan parte hartzen duten sei komunikabideek, berritasun eta xehetasun guztiak emateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna