Ekonomia

Amica urtea amaitu aurretik hasiko da Fagor markako etxetresnak saltzen

Poloniako taldeak jakinarazi du marka erabiltzeko akordioa itxi duela Fagor Kooperatibarekin.

Fagor Etxestresnak 2014. urtean sartu zen konkurtsoan lehen aldiz. JUAN HERRERO / EFE
Irune Lasa.
2019ko irailaren 5a
09:44
Entzun

Urtea amaitu aurretik itzuliko dira merkatura Fagor markako linea zuriko etxetresnak, eta Poloniako Amica taldeak egin eta salduko ditu. Joan den abenduan jada akordiorako oinarri bat lortu zuten lizentziaren inguruan, markaren jabearekin, Fagor Kooperatibarekin, baina akordioa itxi dutela gaur jakinarazi du Amicak.

Poloniako taldearen arabera, Espainiako merkatuari dagokion akordioa giltzarri izango da Europan hazten jarraitzeko. Espainiako merkaturako etxetresnen bi linea erabat berri prestatu dituztela ere iragarri du. Ez da lehen aldia Amicak tokiko marketan inbertitzen duela bere produktuak saltzeko. Europa erdialdean erabiltzen duen Amica markaz gain, baditu beste batzuk ere: Hansa (ekialdeko Europan), Gram (Eskandinavian), eta CDA (Erresuma Batuan). 3.000 pertsonako lantaldearekin, urtero bost milioitik gora etxetresna saltzen ditu 60 herrialdetan.

Fagor Etxetresnak-ek kiebra jo zuenean, haren likidazioko aktibo gehienak Kataluniako CNA Groupen esku gelditu ziren, baita  Fagor marka erabiltzeko baimena ere. Baina CNAk ere porrot egin zuenean, Fagor marka erabiltzeko baimenaren inguruan gatazka piztu zen. Auzibideetan zegoen korapiloa abenduan askatu zen, Fagor Kooperatibak eta CNA Group ados jarri baitziren eta Fagor Kooperatibak marka berreskuratu baitzuen. Horrek posible egin zuen Amicak zuzenean akordiorako oinarria —orain gauzatu dena— hitzartzea Fagor Kooperatibarekin, eta markaren lizentzia lortzeko CNArekin hasia zuen negoziazio zeharkakoa baztertzea.

Joan den otsailean Fagor Kooperatibak beste akordio bat sinatu zuen Kantabriako (Espainia) Cantra konpainiarekin, Kantabriakoari Fagor markako sukaldeko ontziteria egin eta saltzea baimentzen diona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.