Indarkeria matxista

Bilboko asteburuko talde bortxaketagatik atxilotuetako bi preso sartu dituzte

Hiru atxilotuetako bi preso sartu dituzte, eta beste akusatua aske utzi dute, karguekin.

Taldean egindako sexu eraso bat salatzeko protesta, gaur, Bilbon. FOKU
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko irailaren 25a
13:56
Entzun

Bilboko seigarren instrukzio epaitegiak bi gizon kartzelan sartu ditu, joan den asteburuan emakume bat bahitzea eta hari sexu erasoa egitea egotzita. Emakumeak berak jarri zuen salaketa joan den igandean, eta gaur deklaratu dute epailearen aurrean hiru gizonezkok, erasoarekin lotura dutelakoan. Horietatik bi bidali ditu kartzelara epaileak. Hirugarrena, berriz, aske utzi du, karguekin. Egunero epaitegian aurkeztu beharko du. Urruntze agindua eta andrazkoarekin komunikatzeko debekua ere ezarri die epaileak hiru akusatuei.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, eta andrazkoak berak deklaratu zuenez, ostegunetik igandera bitarte eduki zuten atxikita emakumea, Bilboko Atxuri auzoko etxebizitza batean. Igande arratsaldean jarri zuen salaketa emakumeak, eta bahituta eduki zuten egunoetan hainbatetan bortxatu zutela salatu zuen. Deklarazioa jaso ondotik, lehen-lehenik, 33 eta 36 urte bitarteko lau gizon atxilotu zituzten, erasoarekin zerikusia izan zezaketelakoan. Bat egun berean utzi zuten aske, erasoarekin lotuko zuen nahiko zantzurik ez zelako.

Deklaratu ondotik, emakumea Basurtuko ospitalera eraman zuten artatzera. El Correo egunkariak zabaldu duenez, emakumeak bortxatua izanaren zantzuak ditu, eta auzitegiko medikuak egindako txostenak baieztatu egin ditu. Hortaz, «bat datoz» andreak egindako deklarazioa eta osasun azterketa. 25 urteko emakume bat da.

Erasoaren berri izan eta berehala egin zuen mugimendu feministak protestarako deia. Kalamiak Alde Zaharreko talde feministak antolatuta, gaur arratsean egin dute erasoa salatzeko bilkura, Bilboko San Anton zubian.

Biktimari babesa erakusteko eta euren haserre mezua ozentzeko baliatu dute deialdia. «Beste behin ere, emakumeen aurkako indarkeria, indarkeria matxista, gure auzoko kaleetan. Aski da! Nazkatuta gaude!». Era berean, erasoa sistema oso baten barruan ulertu beharreko ekintza dela ohartarazi, eta eraso matxistak «egiturazko arazoa» direla ohartarazi dute mugimendu feministako kideek. «Eraso hauek ez dira gertakari bakanak; hau egiturazko arazoa da, emakume guztiok emakume izate hutsagatik pairatzen duguna gizarte kapitalista heteropatriarkal honetan». Bukatzeko, erantzuna antolatzeko deia ere egin dute: «Erasoen aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dugu».

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ere arbuiatu dute erasoa. Mugimendu feministaren deialdiarekin bat egin dute bi instituzioetako ordezkariek.

Antzeko eraso gehiago

Denbora gutxian Bilbon salatutako taldeko bigarren sexu erasoa da hau. Abuztuaren 2an, Ertzaintzak sei gizonezko atxilotu zituen, Etxebarria parkean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Ospitalera eraman behar izan zuten andrea. Atxilotuetako bi kartzelara bidali zituzten, eta karguekin aske utzi zituzten besteak, baldintzapean. Hain justu, haiek bilatzeko agindua emana dute, agindutako egunetan ez zirelako epaitegira joan.

Beste bahiketa bat ere izan zen Bilbon abuztuan: hilaren 30ean 37 urteko gizon bat atzeman zuten, sei egunez bikotekide ohia etxean atxiki, jo, iraindu eta bortxatzea leporatuta. Bi urruntze agindu zituen gizonak. Behin-behinean espetxeratu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.