Turismoa

Udaz besteko turismoa udakoa halako hiru hazten ari da

Azken hiru urteetan %15 handitu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aintzat hartzen dituen jomugetara doan turismoa, eta, aldi berean, %5 besterik ez da hazi uztailean eta abuztuan, udan alegia.

Sonia Perez Ezkerra Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, joan den asteko agerraldi batean. BERRIA
xabier martin
2019ko irailaren 25a
11:36
Entzun

Aurtengo uztailean eta abuztuan gora egin du turismoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jomugak multzo berean zenbatuz gero: %0,9 hain zuzen. Urtarriletik ekainera, ordea, hazkundea %4,2 izan da. Azken hiru urteetan argi ikusten ari den joera berresten du horrek: udaz besteko turismoa gehiago hazten dela, udakoa halako hiru, Jaurlaritzako Turismo sailburu Sonia Perezen azaldu duenaren arabera. Izan ere, azken hiru urteetan %15 handitu da turismoa urteko lehen seihilekoan, eta %5 baizik ez uztail-abuztuetan.

Perezek ez du esan, baina tarte zabalagoa dago udaz besteko turimoa azkarrago hazteko, udakoan kopuru handia baitago aspaldian, eta hazten jarraitze hutsak esaten  du zerbait sektorearen egoeraz. Edonola ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 730.000 turista egon dira hoteletan eta nekazaritza turismoko aterpeetan uztail eta abuztu honetan. Horietatik %52 Hego Euskal Herritik, Kataluniatik eta Espainiatik joan dira. Beste %48 turista atzerritar gisa sailkatu ditu sailburuak.

114 euro gaueko

Eustaten datuei erreparatuz, Sonia Perezek esplikatu du udaz besteko turismoaren hazkundeak erakusten duela "eredu jasangarriarekin" hedatzen ari dela turismoa EAEn, urte osoan dagoelako, eta ez bakarrik udan. Horrek ez du esan nahi, ordea, udako hilabeteetan hainbat jomuga turistiko masifikatuak ez daudenik, adibidez Donostiako hainbat eremu, Parte Zaharretik hasita. Hala eta guztiz ere, sailburuak esan du "Euskadi" ez dela "jomuga masafikatu bat", eta, Eurostaten datuei erreparatuz, Espainiaren datuekin alderatu ditu Jaurlaritzak kudeatzen dituen lurraldearenak, Mediterraneo efektua eta hark Espainian eragin duen eredua aipatu gabe. "Une jakin batzuetan gertatzen da soilik masifikazioa, eta, toki jakin batzuetan, gehienetan gertuko bisitariengatik".

Horiek horrela, hotelen sektoreak pozik egoteko arrazoiak ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskaintzen diren hotel gela guztien %73 okupatu dituzte turistek uda honetan egunero, batez beste. Bisitari horiek 2,23 egunetan egon dira hotelean, eta batez beste 114 euro pagatu dituzte gaueko.

Lurraldeka, EAEko lurraldeetara doazen turisten %46,5 Bizkaira doaz, %40 Gipuzkoara, eta %13,5 Arabara. Bizkaiak eta Gipuzkoak hazkundeari eutsi diote urte osoan; Arabak ez, hainbat hilabetean jaitsierak izan baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.