Futbola

2-1 galdu du Alavesek Valentziaren aurka

Hirugarren porrota erreskadan du etxetik kanpo Gaizka Garitanok zuzendutako taldeak, eta ezinean dabil Mendizorrotzatik at

Jone Bastida Alzuru.
2019ko urriaren 5a
21:43
Entzun

Berriro ere esku hutsik egingo du bueltako bidaia Alavesek, Valentziatik oraingo honetan. Ez dabil fin etxetik kanpo Gaizka Garitanok zuzendutako taldea, eta horren erakusle dira emaitzak; kanpoan jokatutako lau partidetan puntu bakarra eskuratu du, hirugarren jardunaldian Getaferen aurka. Ez da liga hasiera ona egiten ari Alaves, eta joan den jardunaldian Mallorcari irabazita arnasa hartu bazuen eze, itota amaitu dute Valentziaren aurka babazorroek.

Hustu egin dira Alaveseko jokalariak, ez dute amore eman, eta azken uneraino saiatu dira berdinketaren gola egiten. Jarrera faltarik behintzat ezin zaie aurpegiratu. Bi zati erabat ezberdin izan ditu neurketak. Lehenengoan, ohiko gidoia jarraitu dute babazorroek. Jokaldiak harilkatu eta arriskua sortzeko zailtasunak izaten ari da Alaves, eta ez da salbuespena izan lehen zati hau. Intentsitate handiarekin eta lehiakor zelairatu dira, baina lanak izan dituzte jokoa ehuntzeko. Presio altua egin die etxeko taldeari, eta Valentziak atzetik baloia ateratzerakoan egindako akatsen ondorioz soilik lortu du arriskua sortzea. Suarekin jokatu du Valentziak, baina ez da erre. Baloiaren jabetza izan dute etxekoek, nahiz eta defentsan sendo ibili den Alaves. Ez zen gehiegi sufritzen ari Gasteizko taldea, eroso sumatzen zen, baina 26. minutuan jaso du partidako lehen kolpea. Rodrigok barruko pase bikaina sartu dio Maxi Gomez aurrelariari, eta honek jaurtiketa gurutzatu batekin sareetara bidali du baloia, markagailuan 1-0eko jarriz. Saiatu da suspertzen Alaves, baina Valentzia izan da atsedenaldiaren aurretik errenta handitzeko aukera garbienak izan dituena.

Oso bestelakoa izan da bigarren zatia. Biziberrituta eta erasokor irten dira aldageletatik Garitanok zuzendutako jokalariak, eta lehen ordu laurdenean, argi printzak ikusi dituzte. Lucas Perezek eta Joseluk jarri dute dinamita aurrean, eta hiru gol aukera garbi izan dituzte aurrelariek. Estu hartu dituzte Valentziako jokalariak, eta sufritzen ari ziren etxekoak. Alaves ondoen zegoenean, ordea, argiztapen arazoak izan dira estadioan, eta epaileak eten egin behar izan du neurketa. Argiarekin batera itzali da Alaves ere, eta arnasa hartu du Valentziak.

Partidaren erritmoa asko jaitsi da etenaldiaren ondoren, eta asko trabatu da bi taldeen jokoa. Aldaketa baten beharra ikusi du Garitanok, eta Aleix Vidal zelairatu du Ximo Navarroren ordez. Berdinketaren bila joan nahi zuen Alavesek, baina aurre hartu dio Valentziak. 78.minutuan, Siverak lurrera bota du Parejo, eta penaltia adierazi du epaileak. Ez du hutsik egin Valentziako kapitainak, eta partida ia erabakita utzi du. Bazuen oraindik zer esana ordea kanpoko taldeak. Hausporik gabe geratu direla zirudienean, errenta murriztea lortu dute. 89. minutuan Joseluk boleaz egindako erremateari erantzun bikaina eman dio Cillessenek, baina aldaratzea Lucas Perezi iritsi zaio, eta ez du barkatu. Sei minutuko luzapena zuen aurretik Alavesek berdinketaren gola egiteko, eta bukaeraraino saiatu da. Ez du lortu, ordea, eta etxean geratu dira hiru puntuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.