REALA 1-2 GETAFE

Zigorra jaso du

Talde txuri-urdinak gola sartu du partida hasi eta berehala, baina epaileak Diego Llorente kaleratu du 53. minutuan, eta hori baliatu du Getafek partidari buelta emateko. 

2019ko urriaren 7a
13:05
Entzun

Sailkapeneko bigarren postura jauzi egiteko aukera ona galdu zuen Realak atzo. Anoetan, Getaferi irabazita lortuko zuen helburua. Baina esku hutsik geratu ziren txuri-urdinak. Hasi, ondo hasi ziren, partida hasi eta laugarren minutuan Mikel Merinok gola sartu baitzuen. Alde horri eutsita, helburua beteko zuten. Lehen zatian, ondo eutsi zioten abantailari. Getafek estu hartu zituen zenbaitetan, baina bisitariak ez ziren fin ibili ate aurrean. Hala, atsedenaldian, 1-0 zen aurretik Reala.

Baina bigarren zatia hasi eta berehala hasi zen okertzen partida. Epaileak bigarren txartel horia atera zion Diego Llorenteri 53. minutuan, eta, ondorioz, erdiko atzelari espainiarrak aldagelara joan behar izan zuen. Hamar jokalarirekin geratu zen Reala. Imanol Alguacilek Willian Jose kendu zuen, eta Igor Zubeldia zelairatu. Ordurako, gero eta arrisku gehiago ari zen sortzen Getafe, eta, jokalari bat gehiagorekin, arriskuak gora egin zuen. Hala, saria jaso zuen 69. minutuan: Jaime Matak banakoa lortu zuen, buruz, Ander Gebarari aurrea hartu ondoren. 

Halakoetan, jokalari bat gutxiagorekin egonda, ohiko da puntuari eutsi nahi izatea, eta horretarako, atzerapausoa ematea. Bada, Imanolek arriskatu egin zuen: Alexander Isak eta Ander Barrenetxea zelairatu zituen Gebara eta Porturen ordez. Bigarren gola nahi zuen Realeko entrenatzaileak. Baina Getafek sartu zuen bigarren gola. Nemanja Maksimovicek egin zuen, 89. minutuan. Arriskuak hartzea ordaindu zuten txuri-urdinek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.