EUSKARA

Euskalgintzak kalean erantzungo die euskararen dekretuaren kontrako epaiei

Urriaren 19an Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean protesta egitera deitu dute hainbat eragilek. Kontseiluko Paul Bilbaok gogorarazi du egungo legeak "ahalbidetzen dituela gisa honetako sententziak".

Kontseiluko, Behatokiko, AEK eta IKAko eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariak, gaur, elkarretaratzearen aurkezpenean. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2019ko urriaren 11
15:26
Entzun

Kalera aterako dira. Euskararen Foru Dekretua kamustu zuten epaiei aurre eginen diete euskararen aldeko gizarte eragileek, Kontseiluan bilduta. Heldu den asteko larunbatean izanen da protesta, hilak 19, 12:00etan, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. Kontseilua osatzen duten elkarte ezberdinek egin dute deialdia.

UGTren eta salaketa jarri zuten gainerako sindikatuen jarrera kritikatu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: "Oso larria iruditzen zaigu jokabide hori: helegitea jarri diete euskararen dekretuko puntu guztiei, baita euskararen ikusgarritasunari buruzkoei ere, orain arte zalantzan jartzen ez ziren gauzei".

Hala ere, Bilbaok azpimarratu du epaiak ez duela debekurik ezartzen. Hortaz, euskara meritu gisa aintzat hartzea edota bide seinale eta paisaia linguistikoan ikusgai paratzea "borondate politiko kontua" besterik ez dela: "Iruñeko Udalak dagoeneko esan du bere ordenantza berria egokituko duela, epaiaren irizpide murriztaileetara. Eta Nafarroako Gobernuak zer egingo du?".

Kontseiluko idazkari nagusiak gaineratu du, halaber, gisa honetako epaiak kaleratzen direla "Euskararen Legeak hori ahalbidetzen duelako". Hori dela eta, "gogoeta egiteko" eskatu die Nafarroako talde politikoei eta agintariei: "Ez genuke ulertuko, atzera ere, garai bateko hizkuntza politika ilunetara itzultzea". Hori guztia, baina, prentsaurrekoetan ez eze, "kalean" aldarrikatu behar dela uste du Bilbaok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.