Euskara

Agerraldia elkartea sortu du Errigorak, Nafarroan euskara sustatzeko

Lurraldearen erdialdean eta hegoaldean euskara ezagutzeko eta erabiltzeko aukerak sortzeko eta hizkuntzaren aldeko jarrera indartzeko asmoz eratu dute.

Egun osoko jaialdia antolatu du Errigorak Tafallan, Agerraldia aurkezteko. IDOIA ZABALETA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 12a
19:37
Entzun

Euskara sustatzeko beste proiektu bat jaio da Nafarroan: Agerraldia. Errigorak sortu du, eta gaur aurkeztu dute, Tafallan. Batez ere lurraldearen erdialdean eta hegoaldean eragin nahi du, ager vasconum deiturikoan: “Cortestik Garesera eta Vianatik Zangozara”. Egitasmoaren xede nagusia izango da inguru horretako “euskaldunen, euskaltzaleen eta eragileen arteko sarea” sortzea. “Askotariko gaiak, pertsonak, eragileak eta ekintzak bultzatu, lagundu eta sustatu nahi ditu”.

Kezka batetik abiatuta sortu dute Agerraldia, Errigorako kideek azaldu dutenez: “Euskarari puzka kanpaina amaitzen bada, zer geldituko da zona honetan euskalgintzan?”. Ezinegon horretatik abiatutako prozesuak Agerraldia taldearen forma hartu duela gaineratu dute. Aurrerantzean “bide propioa” izango du, “zona honetan euskararen alde ari diren ekimenak indartzeko eta berriak lortzeko”.

Hiru zereginen inguruan arituko da elkarte berria: batetik, euskara ezagutzeko aukerak lagundu eta handitu; bestetik, euskara erabiltzeko espazioak sortu eta egonkortu; eta azkenik, euskararen aldeko jarrerak indartu eta suspertu. Eremu ugaritan jarduteko asmoa du Agerraldiak: kulturan, aisialdian, kirolean, lan arloan, hedabideetan, irakaskuntzan, sare sozialetan…

Errigorak aurki jarriko du martxan udazkeneko Euskarari puzka kanpaina, eta iragarri du Nafarroako hegoaldeko produktuen salmentan lortutako diru ekarpenaren parte bat Agerraldiarentzat izango dela: “Saskiak eskatuta egin dakioke putz Agerraldiari”. AEK-k, Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-ek ere laguntza jasotzen segituko dute; 2013tik 2018ra 800.000 euro helarazi zizkieten eragileoi.

Kontzertuak, beste leku batean

Proiektu berriari ongietorria eman diote gaur, Tafallan, jaialdi baten bidez. Elkartea aurkeztu baino lehen, kalejira bat egin dute, eta dantzariak eta musikariak ere izan dituzte; ondoren, herri bazkaria egin dute. Arratsaldean, berriz, kontzertuak antolatu dituzte; Pasadizo tabernan egitekoak ziren, baina atzo goizaldean jasandako erasoaren ostean —su ema zioten tabernari, eta kalte larriak eragin—, Arkakusoen plazara mugitu behar izan dituzte kontzertuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.