ERASOA

Meskitari eraso egin izana aitortu du atxilotutako gizonak

Prokuradoreak baieztatu du armak eta gas bonbona bat atzeman dizkiotela akusatuari. Polizia etxean daukate, eta haren buru osasuna aztertzen ari dira. Zauritutako bi gizonak ospitalean daude, arriskutik kanpo.

Meskita itxita dago, eta zaintzapean dute poliziek./
Meskita itxita dago, eta zaintzapean dute poliziek./ Guillaume Fauveau

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko urriak 29

Baionako meskitaren sarreran sua eragin zuela eta bi gizoni tiro egin ziela aitortu du erasoaren harira atzemandako gizonak. Marc Marie Baionako prokuradoreak azaldu duenez, armak atzeman zizkion Poliziak: pistola bat, fusil bat eta granada bat zeuzkan etxean, eta autoan, gas bonbona bat eta kartutxoak. Militar ohia da atzemandako gizona, 84 urtekoa, eta eskuin muturreko Fronte Nazionala alderdiaren hautagai izandakoa. Haren buru osasuna aztertzen ari dira.

Izan ere, prokuradoreak azaldu duenez, erasoaren oinarri gisa azalpen nahasiak eman ditu gizonak. Poliziei azaldu die Parisko Notre Dame katedraleko sutea «mendekatzeko» eraso diola Baionako meskitari. Joan den apirilean su hartu zuen katedralak, eta, ikerketen arabera, istripua izan zen: eraikinean egiten ari ziren obretan sortu zen sua. Atxilotutako gizonak, ordea, musulmanekin lotu du sutea —katedralak su hartu zuenean eskuin muturreko sareetan zabaldutako teorietako bat izan zen—. Oraingoz, kasua «afera kriminal gisa» ari dira ikertzen, terrorismoaren aurkako fiskaltzak zer erabakiko zain.

Erasoan zauritutako bi gizonak arriskutik kanpo daude, prokuradorearen arabera. 74 eta 78 urteko bi gizon dira: horietako batek bi tiro ditu, besoan eta zerbikaletan, eta besteak, tiro bat toraxean. Baionako ospitalean daude.

Lekukoen testigantzetan eta kameren irudietan oinarrituta, erasoari buruzko kronologia osatzen ari da Polizia. Haren arabera, 15:10ean iritsi zen erasotzailea meskitara: pistolarekin mehatxu egin zien inguruan zeudenei, eta gasolina botata su eman zion ateari. Inguruan zegoen gizon bati tiro egin zion gero, eta toraxean zauritu zuen. Orduantxe auto bat iritsi zen meskita ingurura, baina, egoera ikusita, atzeraka hasi zen; erasotzaileak atzetik jarraitu zion, eta bi tiro bota zizkion. Autoak bazterra jo zuen, eta erasotzaileak su eman zion, artean gidaria barruan zela. Lekuko batek atera zuen gizona autotik. Erasotzaileak ihes egin zuen orduan.

Prokuradoreak azaldu duenez, erasoa egin izana aitortu du akusatuak, baina nabarmendu du ez zuela inor hiltzeko asmorik. Kontatu du «luzaz» zaindua zuela meskita ingurua, eta bazekiela ordu horretan ez zela jende asko egongo. 16:00etan izaten dute otoitza, eta hiru ordu laurden lehenago eraso zion. Lekukoek aitortu dute ordu horretan joan izan balitz «sarraskia» izan zitekeela.

Meskita itxita dago orain. Ikerketak egiten ari dira, eta kalteak konpontzeko dauzkate. Behin-behinean Albizia gela utzi die herriko etxeak musulmanei, otoizleku gisa. Poliziek eta militarrek zaintzapean dute eraikina.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna