Emaitzak

Tubacexek 7,2 milioi euro irabazi ditu irailera arte, %41,7 gutxiago

Laudioko altzairu tutu egileak 476,3 milioi euroren salmentak egin ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, aurreko epealdian baino %8,4 gutxiago.

Tubacexeko adminitrazio kontseiluko presidente Alvaro Bidegain eta kontseilari ordezkari Jesus Esmorís, iazko emaitzak aurkezten. JESUS TOÑA / FOKU
xabier martin
2019ko azaroaren 6a
11:50
Entzun

Arabako multinazionalak jakinarazi du eskaera ugari jasotzen ari dela azken hilabeteetan, sektoreak duen susperraldiarekin batera, eta egungo eskaera poltsa azken urteetako batezbestekotik %40 gora duela dio. "Proiektu handien negoziazioen azken fasean" dagoela azaldu du, eta salmentak nabarmen haztea espero duela.

Urteko lehen bederatzi hilabeteetan metatutako sarrerak, ordea, iazko epe barean baino apalagoak izan dira, %8,4 hain zuzen (476,3 milioi euro). Horrek badu azalpen bat, ordea, Laudioko hodi egilearen arabera. "2018ko urrian fabrikatzeari utzi zitzaion eskaera berezi batek azaltzen du jaitsiera, baina 2019ko salmentak %25eko igoera islatzen dute krisiaren hasieratik". Iranentzat egiten ari zen eskaerak azaltzen du, beraz, salmenten jaitsiera; alegia, AEBen zigorren presioak gerarazi zuen negozioak.

55 milioi euroko zorra

Gauzak horrela, Tubacexek 46,2ko EBITDa izan du, %9,7ko marjinarekin. Hau da, 9,7 milioi euroren mozkinak metatu ditu irailera arte, zergak pagatu aurretik. Hala, mozkin garbiak 7,2 milioi euro izan dira. Bestalde, 219,1 milioi euroko aktibo zirkulatzailea dauka, 2018ko epe berean baino 3,1 gutxiago, baina helburuen barruan; eta zorra 274,1 milioi euro da, baina zor horren zatirik handiena (%80) kapital zirkulatzailea da, Tubacexek bakarrik eskaera jaso ondoren ekoizten baitu. Horrek esan nahi du zor garbia 55 milioi euro baizik ez dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.