Indarkeria matxista

Espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri diote Rakel Lopezen hiltzaileari

Eibarren jaiotako andrearen eta haren semearen hilketaren harira epaitu du Madrilgo Probintzia Auzitegiak; bikote erlazioa zuen andrazkoarekin.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta, Bilbon.
Indarkeria matxistaren aurkako protesta, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Arantxa Iraola -

2019ko azaroak 6

Rakel Lopez Airas eta haren semea hilotz agertu ziren 2017ko maiatzaren 2an. 44 urte zituen andrazkoak —Eibarkoa zen sortzez (Gipuzkoa)—, eta 12 haren semeak. Labanaz egindako zauriak zituzten biek. Alcobendasen (Madril) agertu ziren, beren etxean. Emakumearen senarrak senide bati aitortu zion berak hil zituela biak, baina ezkutatu egin zen, eta Poliziak hilabete geroago atxilotu zuen azkenean. Atzo jakin zen espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri diotela gizonari.

Madrilgo Probintzia Auzitegian epaitu dute. Sententziaren arabera, ahaidetasunaren eta «genero motiboek bultzatuta» jardutearen larrigarriak ezarri behar zaizkio auzipetuari, eta aintzakotzat hartu dituzte zigorra ebaztean. 25 urteko kartzela zigorra ezarri diote andrearen hilketarengatik; zigor iraunkor berrikusgarria haren semearenarengatik.

Herri akusazio moduan parte hartu du auzibidean Eibarko Udalak, eta Mikel de los Toyos alkateak adierazi du begi onez hartu dutela ebazpena. «Egoerak eragindako minak ez du atzera bueltarik, baina justizia egin da». Espetxe zigor iraunkor berrikusgarria 2015ean onartu zuten Espainian; besteak beste, adingabeen hilketa kasuetarako. Orain arte, behin ezarri dute Euskal Herrian; 2016ko urtarrilean Gasteizen 17 hilabeteko ume bat hil zuen gizonari ezarri ere. Arabako Auzitegiak ezarri zion zigorra, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen gero. Auzipetua umearen ama hiltzen ere saiatu zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna