Hilberria

Raymond Poulidor: bigarren izatearen xarma

83 urterekin hil da Frantziako txirrindularia. 189 lasterketa irabazi zituen profesionaletan, baina bigarren geratzeagatik egin zen ospetsu. Tourreko podiuma gehien zapaldu duen txirrindularia da, baina sekula ez lehen postuan.

ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 13a
16:24
Entzun

Txirrindulari askok nahiko luketen garaipen zerrenda osatu zuen Raymond Poulidorrek (Masbaraud-Merignat, Frantzia, 1936- Saint-Leonard-de-Noblat, Frantzia, 2019): behin irabazi zuen Espainiako Vuelta; itzuli handietako 11 etapatan nagusitu zen; bost aldiz Nazioarteko Kriteriumean; bitan Dauphinen eta Paris-Nizan; eta behin Milan-Sanremo eta Fleche Wallone klasiko handietan... Baina bost axola hori guztia. Frantziako Tourra irabazteko atarian geratu zen makina bat aldiengatik da ezaguna Poulidor. Inor ez da egon horrenbeste alditan podiumean inoiz irabazi gabe. Zortzi bider igo zen podiumera: hirutan izan zen bigarren —1964an, 1965ean eta 1974an— eta bostetan hirugarren —1962an, 1966an, 1969an, 1972an eta 1976an—. 

Behin baino gehiagotan esan zuen: "Tourra pare bat aldiz irabazi banu, ez zuten niri buruz hainbeste hitz egingo". Harro zegoen horregatik. Datorren urtean 20 urte beteko ziren elastiko horiaren enbaxadore izendatu zutenetik. Zaleek Poupou deitzen zioten. Gehienek haren izaera borrokalariarengatik miresten zuten. Izan ere, gai izan zen Jaques Anquetil, Eddy Merckx eta gisako txirrindulariekin nor baino nor gehiago lehiatzeko. Guztira 189 garaipen lortu zituen profesionaletan. Zaleek ez ezik, lasterketako antolatzaileek ere horregatik zuten gustuko, eta borrokan egoten ziren hura parte hartzaileen zerrendan egoteko.

Tourra irabazteko aukerarik argiena 1968an izan zuen. Bazirudien lortuko zuela, eta zoriak ez ziola bizkar emango. Baina berriro ere kirolaren alde garratza eta krudela bizi behar izan zuen. Albira bidean, motor batek harrapatu zuen, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Dena den, haren kirol ibilbideko irudirik esanguratsuena lau urte lehenagokoa da, 1964ko uztailaren 12koa. Etapa egun hartan Juio Jimenezek irabazi zuen, baina Poulidorrek eta Anquetilek lehia estua izan zuten bigarren posturako, eta ukondoak elkar joz iritsi zen helmugara.

Txirrindularitza klasikoaren eta modernoaren arteko lokarri ere izan zen. Izan ere, Louison Bobeten garaian hasi zen goi mailan lehiatzen, baina, era berean, Bernrad Hinault ere izan zuen aurkari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.