Indarkeria matxista

Bi gizonezko atxilotu dituzte Bilbon, emakume bati sexu abusuak egiteagatik

Bi atxilotuek 18 urte dituzte. Beste gizonezko bat atxilotu dute Durangon, bere bikotekideari eraso egitea egotzita.

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat, joan den irailean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2019ko azaroaren 16a
17:22
Entzun

Ertzaintzak azaldu duenez, hiru gizonezko gaztek emakume bat inguratu, indarrez paretaren kontra baztertu, eta abusuak egin dizkiote, Bilbon. Erasoa Bilboko Uribitarten gertatu da, goizaldean. Erasotzaileak emakumeari telefonoa lapurtzen saiatu dira, baina hark aurre egin die, eta erasotzaileek ihes egin dute azkenean. 

Berehala, biktimak Ertzaintzara deitu du. 04:30 ziren orduan. Poliziak erasoa gertatu den inguruan atzeman ditu bi atxilotuak, eta Bilboko guardiako epaitegiaren esku utzi ditu.

Beste eraso matxista bat gertatu zen, atzo, Durangon (Bizkaia), eta Ertzaintzak 33 urteko gizonezko bat atxilotu du, bere bikotekideari eraso egiteagatik. Genero indarkeria delitua leporatzen diote. Poliziaren esanetan, erasoa bikotearen etxean gertatu zen, 21:00 inguruan.

Emakumea laguntza eske irten zen ezkaratzera, eta Galdakaoko Ospitalera eraman zuten. Medikuek artatu zuten han.

Erasoaren ondoren, gizona etxetik irten zen, baina, itzuli zenean, Ertzaintzak identifikatu eta atxilotu egin zuen. Atxilotuak Poliziaren zaintzapean dago oraindik ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.