Osasuna

Frantziak ospitaleen zorraren herena hartuko badu ere, langileen eskaerak ez ditu beteko

Zortzi hilabeteko grebaren ostean, “larrialdi neurriak” iragarri ditu Frantziako Gobernuak.

Baionako ospitaleko langileak greban, irailaren 26ean. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko azaroaren 20a
16:34
Entzun

Zortzi hilabete daramatzate greban ospitale publikoetako hainbat sektorek. Zerbitzu publikoaren “krisiari” erantzuteko, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak eta Agnes Buzyn osasun ministroak larrialdi neurriak” iragarri dituzte. Hiru ardatz nagusi proposatu dituzte: ospitaleetako lanbideen “erakargarritasuna” lantzea, erabakiak hartzeko bideak sinplifikatzea eta baliabide gehiago eskaintzea.

Parisko ospitaleko larrialdietan hasi zen greba martxoan, baina orokortu egin da: 200 zerbitzuk baino gehiagok greban segitzen dute. Baionako ospitale publikoko langileak ere greban sartu ziren, eta mobilizatzen segitzen dute: lanpostu gehiago, pazienteentzako leku gehiago eta lansariak emendatzea eskatzen dute.

Hiru urteko plana aurkeztu du Philippek, baina ez die erantzungo langileen eskaera guztiei; guztira 1,5 miliar euroko aurrekontua irekiko du Frantziako Gobernuak ospitale publikoentzat, hots, 500 milioi euro urte bakoitzeko. Horrez gain, ospitale publikoek daukaten “zorraren” herena —10 miliar euro— bere gain hartuko du Estatuak.

Gobernuak ez ditu langileen lansariak emendatuko; aldiz, sari bereziak jasotzen ahalko dituzte kasu batzuetan. Medikuntza arloan sartzen diren langileek “engaiamendu saria” ukanen dute, eta, horren bidez, “erakargarriago” egin nahi dute lanbidea.

Horrez gain, Frantziako Estatuko ospitaleei diru sail bat emanen die Gobernuak, ospitale bakoitzaren esku utzi nahi duelako sari gehigarrien banatzea: guztira, 60.000 artatzaile hunkiko ditu sari horrek, kalkuluen arabera, urtean 300 euroko saria izaten ahalko dute. Hala, eskualde batzuetan sari berreziak izango dituzte, Ipar Euskal Herrian, ordea, ez.

Ospitaleetan lan egiten duten medikuen estatusa ere aldatu nahi du Gobernuak. Ikerketa, kudeaketa administratiboa edo irakaskuntza ere egiteko aukera eskaini nahi die medikuei. Era berean, ospitaleen ardura medikuei ere irekitzeko neurri bat aurkeztu du Agnes Buzynek. Medikuntza arloko aldian aldiko kontratuak ere “zorroztu” nahi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.