Komunikazioa

Rikardo Arregi sariak Iñaki Elorza 'Txapas' kazetariari emango dio Ohorezko Aipamena saria

Zortzi finalista daude hilaren 28an izango den sari-banaketa ekitaldirako. Bi sari banatuko dira: bata Kazetaritza modalitatean eta bestea Komunikazio modalitatetan.

Iñaki Elorza 'Txapas' kazetaria. GORKA RUBIO / FOKUS
Edurne Begiristain.
2019ko azaroaren 22a
15:31
Entzun

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak erabaki du Iñaki Elorza Txapas kazetariari ematea Ohorezko Aipamena saria. Sari horren bidez, kazetari ezagunaren "ibilbide jarraitu bezain oparoa" aitortu nahi du epaimahaiak. Ohorezko Aipamena saria ez da urtero banatzen, eta epaimahaiaren esku dago euskal kazetaritzaren historian "ezinbesteko erreferentzia" izan diren erakunde, ekinbide eta pertsonei halako aitorpena egitea. Aurten, aukera horretaz baliatu nahi izan du epaimahaiak, eta Txapasi emango dio saria. Hilaren 28an banatuko dira Rikardo Arregi sariak, Andoainen (Gipuzkoa).

Iñaki Elorzak urte ugari eman ditu euskarazko irratigintzan, Herri Irratian lehenik eta Euskadi Irratian ondoren. "Irrati esatari aparta, etorri handikoa eta euskara bizi-bizikoa dela erakutsi du", dio Andoaingo Udalak bidalitako oharrak. Ohorezko Aipamena saria urte luzeko ibilbide baten aitorpena eta protagonistarenganako omenaldia izango da, beraz.

Zortzi finalista

Elorzak jasoko duen sariaz landa, zortzi finalista izango dira datorren osteguneko sari banaketan. Aurten, lehen aldiz, bi sari nagusi emango dira, biak maila berekoak: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Bi sarietarako, launa finalista izendatu ditu epaimahaiak.

Kazetaritza saria jasotzeko hautagaietako bat da Miel Anjel Elustondo kazetaria. Elustondok Berria-rako egin zuen Zozoen elean elkarrizketa sortagatik izendatu dute finalista. Elustondoz gain, beste hiru finalista ere hautatu ditu epaimahaiak: Jon Artano kazetaria, 2019. urtean Ameriketatik EITBrako egindako kronika eta elkarrizketengatik, Ana Galarraga zientzialaria Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalagatik, eta Kanaldudeko Hurbiletik telebista saioagatik.

Horiez gain, honako hauek izango dira Komunikazio sarirako hautagaiak: Codesyntax enpresak garatu duen Egunean Behin sakelakoetarako jokoa, Ttap aldizkari digitala, Oier Aranzabalek zuzeu.eus- domeinuko Barruan gaude atalean argitaratzen dituen podcastak, eta 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.