Bihar Berria-n

Umeen beldurrak

Gizakiak berezkoa du beldurra, biologikoa da. Beldurra izateak babestu egiten du mehatxuetatik. Mehatxuak are mehatxuagoak dira umeentzat, eta beldur asko dituzte. Nolakoak dira umeen beldurrak? Zer egin daiteke umeen beldurrei aurre egiteko? Gai horixe landuko du bihar Bizigiro sailak.  

Ume bat, ohean beldurtuta. BERRIA
jakes goikoetxea
2019ko azaroaren 22a
13:34
Entzun

Umeen mundua hauskorragoa, nahasiagoa eta ezegonkorragoa da. Beldurra diete, besteak beste, gurasoengandik banatzeari, ezezagunei, iluntasunari, animaliei, gorputzaren osotasuna galtzeari, minari, medikuei, heriotzari, eskolari, ikusten eta asmatzen dituzten pertsonaiei eta munstroei... Eta helduen ikuspegi arrazional eta logikotik beldur horietako askok zentzurik ez baldin badute ere, beldur horiek eta beldur horien ondorioak benetakoak dira umeentzat. Helduen laguntza eta babesa eskatzen dute orduan, beldurrari aurre egiteko. BERRIAk hiru aditurekin hitz egin du umeen beldurrak hobeto ulertzeko: Myrtha H. Chokler psikomotrizista argentinarrarekin (Cuyoko Unibertsitate Nazionaleko irakaslea da), Carmen Maganto EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ohorezko psikologia irakaslearekin eta Alexander Barandiaran Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta Hazitegi ikerketa taldeko koordinatzailearekin.

Umeen beldurrez gain, gai sorta zabala du Bizigiro sailak. Neurrira egindako zurezko bizikletak, esaterako. Axalko enpresak egiten ditu, Zerainen (Gipuzkoa). Bezeroaren neurrira egindakoak dira, eta bizikletari emango dioten erabilera ere aintzat hartuta.

Gontzal Agote zinemazaleak Knives Out filmaren berri emango du zinemari buruzko orrian. Rian Johnsonek zuzendu du, eta aktoreen artean daude Daniel Craig, Chris Evans, Ana de Armas eta Jamie Lee Curtis. Telesailei buruzko orrian, The Crown-en hirugarren denboraldiari buruz idatzi du Mikel Yarza Artolak. Erresuma Batuko Elisabet II.aren erreginaldiari buruzko telesaila da.

Gastronomian, aste honetan albiste pozgarria jaso duen sukaldari bat elkarrizketatuko dute: Leandro Gil. Michelin izar bat eman diote Gilen jatetxeari, Iruñeko La Bibliotecari.

Proposamenetan, bost aukera interesgarri. Batetik, Erleen Eguna igandean Usurbilen (Gipuzkoa) eta Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, bihartik abenduaren 1era. Bestetik, hiru bisita gidatu: Getariaren (Lapurdi) garapena ezagutzeko, Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) parketxean ibiltzeko eta Bidasoko eta Tarazonicaren bide berdeetan bizikletan ibiltzeko (Nafarroa), geldialdiak eginez eta tokiko bertako produktuak dastatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.