Klima aldaketa

Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu du

Europako Batasunean klima larrialdia deklaratzeko ebazpena onartu du, eta ekintza zehatzak egiteko eskatu die Europako Batzordeari, estatuei eta instituzioei.

Klima larrialdiaren kontrako manifestazio bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 28a
16:08
Entzun

Europako Batasunean klima larrialdia adierazteko ebazpena onartu du Europako Legebiltzarrak, Madrilen egingo den COP25 klima larrialdiaren aurkako goi bileraren atarian; abenduaren 2tik 13ra bitartean egingo dute. Guztira, 429 boto izan dira aldekoak, eta 225 kontrakoak. 19, berriz, abstenitu egin dira. Alderdi kontserbadoreek ezezkoa bozkatu dute. Hala, ECR Europako Kontserbadore eta Erreformisten taldeak aldaketa klimatikoa «asmakizun» bat dela esan du. Ebazpena neurri sinbolikoa izango da.

Arazoari aurre egin eta geldiarazteko, «ekintza zehatzak egiteko» eskatu die Europako Legebiltzarrak Europako Batzordeari, estatuei eta instituzioei, «berandu izan baino lehen». Horrez gain, abenduaren 1ean ekingo dion Europako Batzorde berria estutu du ingurumenean inpaktua duten lege eta aurrekontu proposamen esanguratsuak ebaluatzeko.

Halaber, Ursula von der Leyen Europar Batasuneko exekutiboari eskatu dio haren legegintzaldian aldaketa klimatikoaren aurkako borroka lehentasunezkoa izan dadila: «Proposamen guztiak lerrokatuta egotea ziurtatu behar du, berotze globala 1,5 graduko hazkuntzara mugatzeko».

Berdeak alderdi ekologistak ere testua babestu du, nahiz eta asmo handiagoko konpromisoak hartu nahi zituen. «Erne» egongo direla adierazi dute, ebazpena «sinbolo hutsean» gera ez dadin. «Gure politiketan funtsezko aldaketarik ez badago, mende amaierarako tenperatura ia lau gradu igotzea eragingo dugu», ohartarazi du Karima Delli eurolegebiltzarkideak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.