Binakako Txapelketa

Artola-Imazek 22-13 irabazi diete Olaizola II.a-Urrutikoetxeari

Bigarren puntua eskuratu dute garaileek bi jardunalditan, eta sailkapeneko buruan dira Jaka-Zabaletarekin berdinduta.

Artola pilota astintzen, aurreko asteko partidan.
Artola pilota astintzen, aurreko asteko partidan. FOKU

Aitor Manterola -

2019ko abenduak 1

Ezin hobeto ekin diote Binakako Txapelketari Artola-Imazek, gaur bigarren puntua eskuratu dutelako bigarren jardunaldian. Alde handiz irabazi diete Urrutikoetxea-Olaizola II.ari Sorian (Espainia): 22-13. 

Bi zati izan ditu partidak. Lehen erdian, berdintasuna izan da nagusi, gero garaile izan direnek hobeto jokatu badute ere. Pilotari abiadura ematera atera dira, eta lortu ere lortu dute, markagailuan antzeman ez bada ere egoera hori. Aurkariak beteranoak dira, eta gutxirekin asko egiten ondo dakitenak. Horrela eutsi diete gazteei lehen erdi horretan, baina 12nakoa izan da azkeneko oreka. Hortik aurrera, urdinak nagusi. 

10-1eko partziala egin dute Artola-Imazek bigarren erdian, eta di-da batean amaitu dituzte lanak. Aurrelariak lan bikaina egin du, tanto politak ere bai, eta Imazek ere partida biribila egin du. Galtzaileen artean, Urrutikoetxea ez da fin aritu, batez ere bigarren erdian, eta Olaizola II.a salduta ibili da. 

Gaurko puntuarekin, Artolak eta Imazek sailkapeneko burua hartu dute, Jaka eta Zabalaterekin berdinduta. Olaizola II.a eta Urrutikoetxea garaipen bat eta galdutako partida batekin daude. 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna