EAEko aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzak eta EPk 200 milioiko aurreakordioa hitzartu dute

Besteak beste, hezkuntza publikoan, enpresentzako kapital arrisku batean, trantsizio ekologikoan eta berdintasun alorrean adostu dituzte diru sailak. Lander Martinezek dio akordioa ez dagoela erabat itxita baina «bide onean» doala.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak gaurko agerraldian. JUANAN RUIZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2019ko abenduaren 4a
13:54
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek aurreakordioa lortu zuten atzo 2020ko aurrekontuak onartzeko, eta gaur akordio horren xehetasun batzuk eman ditu Elkarrekin Podemosek. Akordioa 200 milioi eurokoa dela jakinarazi du Lander Martinez taldeko eledunak; kopuru hori zuzenketa partzialetan jasota egongo da. Akordioa ez dago itxita, eta, beraz, Martinezek ez ditu diru sail guztiak zehaztu. Zehazki, gaur aurreratutako akordioaren zenbateko osoa 59 milioi euro da, eta gainerako 141 milioiak nora bideratuko dituzten, berriz, datozen egunetan negoziatzen jarraituko dute bi aldeek. Jaurlaritzarekin lortutako aurreakordioa 2020ko aurrekontuetarako bada ere, 2021erako ere kreditu konpromisoak jaso dituzte, EPko bozeramaileak aurreratu duenez.

Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek adostu dute hezkuntza publikoari 10 milioi gehiago bideratzea, batez ere segregazio handia duten ikastetxeentzat. Kopuru horretatik zortzi milioi 2020rako hitzartu dituzte, eta beste bi milioiak 2021erako. Hezkuntza publikoa eta doakoa «orokortzeko» neurriak ere jaso dituzte aurreakordioan, baina horiek ez daude oraindik itxita. Bestalde, deslokalizazio prozesuak jasateko arriskua duten enpresak laguntzeko 10 milioiko kapital arriskua sortzea adostu dute.

Klima aldaketaren aurkako neurriak ere hitzartu dituzte, eta, horrela, trantsizio ekologikoarentzat 15 miloi euro gehiago bideratuko dute. Diru sail hori hiru alorretan gauzatuko da: hiru milioi enpresak, familiak eta instituzioak trantsizio ekologikoaren alorrean prestatzeko; bederatzi milioi trantsizio ekologiko «justu» batean urratsak egiteko; eta beste hiru milioi herritarrak klima aldaketatik «babesteko», besteak beste, ibaiek gainezka egin ez dezaten planak lantzeko.

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak ere jasotzen ditu aurreakordioak. Horren arabera, milioi bat euro erabiliko da «zaintzak demokratizatzeko» eta beste hiru milioi indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko.

Enplegua sustatzeko adostutako neurri sorta, berriz, 20 milioi eurokoa dela jakinarazi du Martinezek. Besteak beste, eskualde planak eta «maskulinizatuta» dauden lan esparruetan emakumeak trebatzeko eta kontratatzeko plan bat martxan jartzea adostu dute. Gainera, Lehen Aukera plana aldatzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, kontratazio mugagabea lehenesteko eta autonomoei aukera gehiago irekitzeko, Martinezek jakitera eman duenez. Azkenik, ludopatiaren prebentziorako 436.000 euroko diru saila hitzartu dute.

Abstentzioa
Aurrekontuak onartzeko aurreakordioa lortuta, Elkarrekin Podemosek ez du osoko zuzenketarik aurkeztuko, eta abstenitu egingo da hilaren 27ko bozketan. «Ez diogu baiezko botoa emango ez direlako gure aurrekontuak», zehaztu du Martinezek. 200 milioi euroko akordioa ez ezik, konpromiso politiko bat ere jasoko du behin betiko akordioak. Alokairuaren erreferentzia indize bat jasoko luke akordio politiko horrek, taldeko eledunak aurreratu duenez. Aurrekontu legearen artikulatuari aurkeztutako zuzenketa batzuk ere hitzartu dituzte Jaurlaritzarekin, haren arabera.

Xehetasunak, hala ere, aurrerago emango dituzte, oraindik negoziatzen jarraituko dutelako bi aldeek. Akordioa itxi gabe dagoen arren, Martinez baikorra da: «Bide onean goaz». Jakinarazi duenez, oraintxe hezkuntza publikoarekin eta gizarte babesarekin lotutako neurriak daude negoziazio mahaian. Besteak beste, Elkarrekin Podemosen helburuetako bat da DBSE diru sarrerak bermatzeko errenta %2 baino gehiago igotzea.  

Jakina denez, Elkarrekin Podemos osatzen duten alderdi guztiek ez dituzte babestuko kontuak, Ezker Anitza-IUko bi parlamentariok erabaki baitzuten ez dutela bat egiten, eta gaur Martinezek jakinarazi du bi legebiltzarkide horiek kontrako botoa emango dutela.

Gobernabidea
Aurrekontuetan ez ezik, EAEko estatutu berriaren inguruan ere adostasun maila handia lortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek, eta Martinezi gaurko prentsaurrekoan galdetu diote ea horrek ateak irekitzen dizkion gobernabide akordio bat lortzeari. «Gure helburua euskal gizartearentzat akordio baliagarriak egitea da», erantzun du.

Galdera bera egin diote gaur goizean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari, eta hark aitortu du Madrilen PSOEren, EAJren eta Unidas Podemosen artean sortutako «sintoniak»  beste instituzioetan  «elkar ulertzeko aukerak» zabaldu ditzakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.