Tokio 2020

«Erradiazio handia» Olinpiar Jokoetako gune batetik gertu

Japoniako Gobernuak esan du lekua segurua dela, baina udalekin hitz egiten ari dela jokoak hasi aurretik zaintza areagotzeko.

J-Villageko stadioa Hironon (Fukushima, Japonia). K.F.
Edu Lartzanguren.
2019ko abenduaren 4a
22:06
Entzun

Greenpeace erakunde ekologistak esan du erradiazio handia neurtu duela J-Village kirol gunean. Handik hastekoa da martxoan 2020ko Olinpiar Jokoak zabaltzeko zeremoniara zuzia eramateko txandakako lasterketako Japoniako zatia. J-Village Japoniako futbol selekzioaren trebalekua da, besteak beste. Fukushima eskualdean dago, eta urteetan erabili dute hango zentral nuklearreko hondamendiaren ondorioak garbitzen ari diren langileen egoitza gisa. Hondaturiko erreaktore nuklearretatik ia 20 kilometrora dago kirolgunea.

Greenpeaceren neurketen arabera, orduko 1,7 mikrosievert daude hainbat lekutan. Japoniako segurtasun muga ofiziala orduko 0,3 mikrosievert da.

Gobernuak esan du ingurua segurua dela, baina hitz egiten ari dela udalekin, eskualdea beha eta azter dezaten jokoak hasi aurretik. Zentral nuklearraren arduraduna da Tepco konpainia (Tokyo Electric Power Company), eta, adierazi duenez, atzo garbitu zuten gunea, Japoniako Ingurumen Ministerioak Greenpeaceren neurketen berri eman eta gero.

Fukushima prefekturako Daiichi (Bat) zentral nuklearrean gertatu zen historiako istripu nuklearrik larrienetan bigarrena, 2011ko martxoaren 11n. Egun hartan, Japonian inoiz neurturiko lurrikararik handienak 40,5 metrorainoko olatuak sortu zituen itsasoan. Lurrikararen eraginez, zentral nuklearra kanpoko argindarrik gabe geratu zen. Handik minutu gutxira, olatuek suntsitu egin zituzten larrialdietarako sorgailuak. Ondorioz, erreaktoreak hozteko erabilitako ur punpak itzali egin ziren, eta nukleoak urtu egin ziren zentraleko lau erreaktoreetatik hirutan. Hidrogeno leherketek hiru erreaktoreon eraikinak suntsitu zituzten, eta kutsadura erradioaktiboa barreiatu egin zen hurrengo egunetan. Fukushimako istripua ez da amaitu. Oraindik ere egunero 150 tona ur bota behar dute erreaktoreen hondakinen gainera, erregai urtua hozteko, eta leherketa larriagoak eragozteko. Ur horretan datza orain eztabaidagai den arazoaren muina: gai erradioaktiboz kutsaturik dago, eta zentralean bertan pilatzen ari dira, ehunka biltegi handitan, harekin zer egin asmatu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.