Euskal presoak

Lopez de Abetxukok eskatu du larri gaixo dauden presoak askatzeko, «legea betez»

Esteban Garibai elkarteak solasaldiaren aurkako elkarretaratze bat egin du Gasteizen. Sarek «boikota» salatu, eta dei egin du «benetako elkarbizitza eta bakea eraikitzera».

Jose Ramon Lopez de Abetxuko (mahaian, erdian), gaur, Gasteizen, EHUko hitzaldian. BERRIA
2019ko abenduaren 10a
18:22
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak baztertu egin du Vox alderdiak Gasteizko EHUko hitzaldia debekatzeari buruz egindako eskaria, Jose Ramon Lopez de Abetxuko eta Txema Matanzas euskal preso ohiak hitzaldian izatea delitua ez dela iritzita. Hala ere, polizia indarrei eskatu die solasaldia zaintzeko, «ETAren biktimen aurkako umiliaziorik edo terrorismoaren goratzerik» balego ere. Fiskaltzak esan du ezin dela aurreikusi bi haiek zer egingo duten, eta, beraz, ezin dela debekatu.

13:00 aldera hasi da solasaldia, EHUren Arabako campusean, gaixorik larri dauden euskal presoen etxeratzeari buruz. Solasaldia debekatzeko eskatu zioten EHUri, baina eutsi egin dio.  Matanzas abokatua ere hizlarien artean izan da. Lopez de Abetxukok larri gaixo dauden presoen askatasuna eskatu du, adierazita horretarako nahikoa dela «legea betetzea». Hizlariaren esanetan, familiatik urrun egoteak sortzen duen mina gehitu behar zaio larri gaixo dagoen edonork dituen «beldurrari eta larritasunari». Preso eriak askatzea ez da, haren aburuz, "espetxe onura bat». Uste du «garai berrietan» espetxe politika aldatu egin behar dela.

Eguerdian, «hiltzaileak unibertsitatetik kanpora» jartzen zuten kartelak eskuan zituztela, elkarretaratze bat egin dute hainbat herritarrek Gasteizen, hitzaldiaren aurka azaltzeko. Hedabide ugari batu da. Esteban Garibai elkarteak deitu du bilkura, eta EAEko PPko ordezkari batzuk bertan dira, besteren artean. «Lotsa agertu nahi dugu duinak ez diren horrelako ekinbideen aurrean», esan du Esteban Garibai elkarteak, ohar batean. Haren iritzian, «ETA erakunde terroristako hiltzaile bat» ezin da jendaurrean mintzatu giza eskubideen inguruan, eta deitoratu egin du EHUk hitzaldia ahalbidetzea. Gasteizko «gehiengo isila» ere salatu du, «astakeria honen aurrean axolagabe baitago».

Sare, enpatiaren eta elkar ulertzearen alde

Hitzaldia hasi aurretik Sarek plataformak adierazi du Lopez de Abetxukok bere ekinbideagatik epaitegiek ezarritako zigorra osorik betea duela; «egun gizon askea da, eta dagozkion eskubide guztien jabe». Sarek azaldu du hitzaldiaren aurkako «boikot deialdia» egon dela, «adierazpen askatasuna ukatzeko» modukoa. «Sarek, giza eskubideen defentsan aritzen den mugimendu gisa, ez du halako urraketarekin bat egingo. Hori hala, hitzaldia bere horretan mantentzea erabaki dugu».

Sarek dio «jakitun» dela «oraindik zauri gehiegi» dagoela, «baina horiek sendatzeak ezin du inor bazterrean laga. Enpatia eta elkar ulertze ariketa da benetako elkarbizitza eta bakea eraikitzeko bide bakarra». Platafomak dio biktima guztiekiko errespetua erakutsi izan duela beti.

ETAren biktimen elkarteak eta Lozaren kritikak

ETAren biktimen elkarteak gogor mintzatu dira gaur ere EHUko hitzaldia dela eta. Marimar Blanco FVT biktimen elkarteko presidenteak gogor kritikatu du hitzaldia antolatu izana. Haren ustez, ETAko kide izandako batek ez die gazteei «irakasgairik» eman, eta hitzaldi hori biktimen aurkako «eraso eta umiliazio bat» da. «Nahikoa da! esan behar da. Terrorista bati espazio bat utzi zaio, bere iraganari zilegitasuna eman diezaion». Maite Araluze AVT elkarteko buruak adierazi du «oso gogorra» dela hitzaldia antolatzea.

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak esan du «erabat duingabea» iruditu zaiola euskal preso ohiaren hitzaldia antolatzea Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, eta EHUn izatea, «jakintzaren eta errespetuaren tenpluan». «Biktimen aurkako irain» modura ere hartu du ekinbidea, nahiz eta aitortu duen «erabat legezkoa» dela «kondena beteta duen pertsona honek» solasaldi batean parte hartzea. Euskal presoei «autokritika» eskatu die, baita «urteetan ETAren terrorismoa babestu zuen talde politikoari ere».

Koldo Mediavilla EAJren EBBko alor instituzionaleko arduradunaren arabera, «legezkoa» da Lopez de Abetxuko euskal preso ohiak hitzaldi bat ematea, «baina etikoki, auzitan jartzeko modukoa». Mediavillak azaldu ez duela gustukoa «honelako pertsonaiak irakasgaiak ematen saiatzen» ikustea.

Lopez de Abetxukok (Gasteiz, 1949) ia 30 urte egin zituen preso. Eritasun larria izan arren, osorik bete zuen zigorra. «Madrilek ez ditu kontuan hartzen osasun irizpideak», zioen BERRIAn, joan den urtarrilean. 1989an atxilotu zuten, ETArekin lotuta, eta azken zortzi urteak bihotzeko arazo larri batekin egin zituen espetxean. Hala ere, Madrilek beti ukatu zizkion Euskal Herriratzea eta onurak.

Amaia Ramirez de Okariz BERRIAko kazetaria EHUko campusean izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.