Hizkuntz eskubideak

Euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik epaitu dute gaur Hau Pittu Hauko konpartsakide bat

Bilboko Udaltzaingoak Arkaitz Zarragari jarritako isuna aztertuko dute gaur epaitegietan. Hain zuzen, 2018ko Aste Nagusian udaltzaingoekin arreta euskaraz eskatzeagatik jaso zuen isuna.

Arkaitz Zarraga telefonoz, epaiketa salatzeko egin duten elkarretaratzean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2019ko abenduaren 12a
13:45
Entzun

Hau Pittu Hau konpartsak eta Euskal Herrian Euskaraz-ek elkarretaratze batera deitu dute gaur goizean, Euskarari mozalik ez! lelopean. Dozenaka lagun bildu dira Bilboko epaitegiko sarreran, epaituari babesa emateko asmoz. Udaltzainak ez dira epaiketan agertu, eta horrek esperantza eman dio Zarragari: «Egin dutenarekin, argi geratu da gezurretan ari zirela». Bilboko Udala tarteko, Mozal Legeaz baliatu dira espedientea zabaltzeko. Epaiaren zain dago orain, eta, galduz gero, 900 euroko isuna ordaindu beharko du konpartsakideak.

Elkarretaratzean, Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kideak Zarragaren egoera salatu du: «Kasu honetan Bilboko udalak izan zuen jarrera salatu nahi dugu, saiatu delako auzia beste bide batzuetatik eramaten eta hizkuntz eskubideak bigarren plano batean utzi dituelako». Koldo Zarate Euskal Herrian Euskaraz-eko bozeramaileak epaituaren jarrera goraipatu du, eta Bilboko udalaren jarrera «onartezina» salatu nahi izan du: «Udaltzainak ardura du, baina benetako arduradunak erakunde publikoak dira», nabarmendu du Zaratek. Aipatu duenez, Bilboko Udalak oraindik ez dauka euskara ordenantzarik, eta horrelako kasuak ez gertatzeko neurriak har ditzatela eskatu du.

«Gaurkoa ez da kasu isolatu bat Euskal Herrian; segurtasun indarrekin harremanak izatean, horrelako ondorioak pairatzen dituzte euskaldunek», azaldu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kideak. Herritarrek kexak helarazten dizkietenean ez dituzte beti horrelako ondorio larriak pairatzen, baina hori saihesteko gaztelaniara pasatzen direla azaldu Gaubekak.

Bilboko Konpartsak atera duen prentsa adierazpenean azaldu dute auzi hau «udaltzaingoak markatutako norabide erasokorraren ondorioa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.