Euskal presoak

Rosa Rodero ETAren biktimak eta Asun Lasa GALen biktimak irakurriko dute Bilboko manifestazioko mezua

Pankartaren leloak ere iragarri dituzte Sarek eta Bakegileek: 'Ez dezagun historia errepikarazi' izango da Baionakoa, eta 'Orain presoak' Bilbokoa.

Bakegleen eta Sareren agerraldia, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 3a
15:51
Entzun

Astebete eskas falta da urtarrilaren 11n euskal presoen alde Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetarako, eta hainbat xehetasun jakinarazi dituzte gaur, Sarek eta Bakegileek Donostian egindako agerraldian. Baionako manifestazioa izango da goiztiarrena, 15:00etan hasiko baita, eta 17:00etan abiatuko da Bilbokoa. Bertan, Rosa Rodero ETAren biktimak eta Asun Lasa GALen biktimak jarriko diote ahotsa azken mezuari. «Herri honek jasandako indarkeriaren biktima diren bi emakumezkok ahotsa eman nahi izan diote manifestazio amaieran irakurriko den testuari». Gaineratu dute emakume horiek argi dutela gorrotoak eta mendekuak kalte bakarrik egiten dutela, eta ez dutela nahi inork euren izenean hitz egitea, edo euren mina «modu alderdikoi» batean erabiltzea. «Eraiki egin nahi dute, ahanzturarik gabe, baina aurrera eginez, gorrotorik gabe». Elkarbizitza horretarako, «ezinbestekoa» iruditzen zaie bai biktimen eta bai presoen ekarpena, hausnarketa eta parte hartzea.

Sarek eta Bakegileek gogoan izan dituzte preso horien senideak ere. Bilboko eta Baionako manifestazioetan bilduko diren milaka lagunen babesa dutela ziurtatu diete, eta gogorarazi dute ehunka senidek eta lagunek astero errepideetara atera eta ehunka edo milaka kilometro egin beharra daukatela presoak ikusteko.

Presoen senideei ez ezik, Madrili eta Parisi ere mintzatu zaizkie. Bilboko manifestazioa baliagarria izango dela diote gobernu berria «ispilu aurrean jarri eta argitara ateratzeko estaltzen saiatzen diren errealitatea». Bestetik, ziurtatu dute Baionan kalera aterako direla «haserrea, deliberamendua eta anbizioa» adieraztera, «aniztasunik handienean, bake justu eta iraunkor bat» nahi dutelako. «Konbentziturik gaude presoen gaiak ez diela kalterik egiten biktimei», gaineratu dute.

«Orain da garaia», ziurtatu dute. Alde batetik, esan dute hemen konpondu gabeko arazo bat dagoela jabetu behar dutela Madrilgo politikariek, eta «elkarbizitzarako konponbidea» ezinbestekoa dela konturatu. «Sanchez presidenteak duela urte eta erdi espetxe politika aldatzeko asmoa iragarri zuen, ETA desegin ostean zentzurik ez zuela eta. Hitz ederrak; ekintzak, ordea, ez horrenbeste», gaineratu dute. Era berean, gogorarazi dute Emmanuel Macron Frantziako presidenteak «eredugarritzat» jo zuela Euskal Herria «gatazkaren konponbidean» eta «armetatik ateratzeko bidean», eta estatuaren eginbehartzat hartu zuen «mugimendua sustengatzea». Nabarmendu dute ez dutela etsiko ele «eder» horiek errealitate bihurtu arte.

Bi mezu, helburu bera

Ez dezagun historia errepikarazi izango da Baionako manifestazioaren buruan joango den pankartaren mezua. «Aurrera egin nahi dugu, eta gure seme-alabentzat eta bilobentzat etorkizun hobea utzi», azaldu dute. Bilbon ere gazteak izango dira protagonista, haiek eramango baitute manifestazioaren buruan Orain presoak jarriko duen oihal handi bat. Bi mezu izan arren, helburu berak izango dituzte: irtenbide «justua eta iraunkorra» eraikitzea, errespetua eta erreparazioa eskaintzea biktima guztiei, eta behin betiko amaitzea espetxeetan presoek eta senideek jasaten dituzten eskubide urraketak.

Azkenik, azaldu dute Baionako eta Bilboko manifestazioak era sinbolikoan batuko dituztela. Hau da, Baionakoa bukatutakoan, testigua –makila bat– pasatuko diotela Bilbokoari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.