Greba Orokorra

U-30eko greba orokorra egitea «ezinbestekoa da», ELArentzat

Lan eta pentsioen erreformak indargabetuko dituztela «iragarriagatik», PSOEk eta Unidas Podemosek adostutako akordioan «ez da halakorik ageri», Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren ustez

Mitxel Lakuntza, greba orokorraren aldeko agerraldi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2020ko urtarrilaren 3a
15:02
Entzun

Espainiako Gobernua osatzeko PSOE eta Unidas Podemos alderdiek ezagutarazi dituzten akordioak «ez dira batere argiak», ELAko idazkari nagusiaren arabera. «Egia da hobekuntza batzuk aipatzen direla, esaterako pentsioen erosteko ahalmena atzera bermatzea edota lan hitzarmenen ultraaktibitatea, baina duela urtebete ere neurri horiek adostu arren, ez zituzten gauzatu».  Alegia, testua ez da argia, Lakuntzaren ustez, eta, horregatik, «U-30eko greba orokorra ezinbestekoa da».

Lan erreforman eta pentsioen atalean iragarritako neurriak «benetan nola gauzatzen diren» ikusi nahi du sindikatuak. Edonola ere, «egoera ez da zain egoteko modukoa», Lakuntzaren arabera; «hori izan liteke egin genezakeen okerrena”. ELAko idazkari nagusiak esan du ezagutu berri diren neurriek ez dietela erantzunik ematen greba orokorrerako plazaratu dituzten aldarri taulako puntu gehienei.

Are, negoziazio kolektiborako eskubidea kaltetzeko bidean direla ere ohartarazi du. “Akordioetan ez da aipatzen, ezta modu lausoan ere, egungo negoziazio kolektiboko egitura bertan behera uzteko asmorik»; gaur egun Espainiako hitzarmenak lurraldeetakoei gailentzen zaizkie. Bada, «testuaren arabera, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa are handiagoa izan liteke”, esan du Lakuntzak. Izan ere, sektoreko itunei lehentasuna emateko helburua jaso du PSOEren eta Unidas Podemosen akordioak, enpresa itunei kenduta.

«Kalera ateratzeko unea da»

Pedro Sanchezek gobernu berri bat osatzen badu, ELAk dei egin die alderdi politiko progresista eta abertzaleei «defenda dezaten zinezko agenda sozial bat, neurri konkretuak eta aplikatzeko bermeak». Esaterako, ELAk ez du nahi lan erreformaren inguruko eztabaidaren emaitza lan eskubideak galarazteko testu bat izatea: «Hego Euskal herriko eragile sozial nagusien artean lan baldintzak negoziatzeko eta estatuko itunetan jasotako lan baldintza kaskarrak hobetzeko aukera babestu behar da. Hau da prekaritatea borrokatzeko eskatzen diegun konpromisoa».

Mitxel Lakuntzaren arabera, «benetako lorpenak iristeko ezinbestekoa da mobilizazioa, pentsiodunen mugimenduak azken aldian erakutsi digun bezala». Tesi horrekin batera, urtarrilaren 30eko greba orokorra eskaini dio gizarteari borrokatzeko tresna gisa. «Zorrotzak izan behar dugu, egoera aztertu, ezin baitugu erori jendartea desmobilizatu nahi dutenen tranpan; hauentzat lagungarri gertatzen dira ere eskuineko eta hedabide ultretako diskurtso apokaliptikoak. Kalera ateratzeko unea da, gure eskubideak aldarrikatzekoa; U-30 horretarako aukera ezin egokiagoa izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.