RIVER SESTAO 0-4 ATHLETIC

Athleticek ez dio aukerarik eman River Sestaori

Talde zuri-gorriak nagusitasunez irabazi du Sestaon, eta aurrera egin du Espainiako Kopan. Oso agerian geratu da bi taldeen artean dagoen alde handia

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen. JUANAN RUIZ / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urtarrilaren 11
21:35
Entzun

Ezustekorako tarterik zabaldu gabe. Athleticek mendean hartu du gaur Sestao River, eta Espainiako Kopako final-hamaseirenetarako sailkatu da. Bizkaitarren arteko derbian bere legea ezarri du gorengo mailako taldeak; lehen zatian bi gol egin, eta garaipenaren bidean jarri da. Partida serioa egin dute Gaizka Garitanoren jokalariek; zenbait jokalari sukarrarekin ziren goizean, eta horrek atzeratu egin du deialdia. Halere, lehen taldeko jokalariekin jokatu dute zuri-gorriek, eta nagusi izan dira.

Bi taldeek aldagai bat partekatu dute Las Llanasen: lana. Gogotsu zelairatu dira biak. Beste bi aldagaiak bakoitzak beretik jarri ditu, lehia bizitzeko; aurkariarenganako errespetua Athleticek, eta ilusioa River Sestaok. Bilboko taldeak zelaian erakutsi du izerdiaren bidetik erdietsiko zuela garaipena. Partida kontrolpean izan duenean ere ez da erlaxatu. Ilusioak, ordea, ez die askorik iraun sestaoarrei. Gogor hasi dira zelaian, eta lehen minutuetan bi txartel hori ikusi dituzte. Huraxe zuten zuri-gorriak geratzeko modu bakarrenetakoa, baina ez die luze iraun.

Hogeigarren minutua bete aurretik, bisitariak aurretik dira markagailuan; Ibai Gomezek bizkor ateradu falta bat, ezker hegalera, eta Yuri Berchicek Sestaoko jokalariak atzean utzi eta penalti puntura erdiratu du. Han zen bakar-bakarrik Asier Villalibre, eta aurrelari gernikarrak sareetara bota du baloia.

Hurrengo minutuetan ireki egin da bi taldeen arteko arrakala; %70etik gorako baloi jabetzarekin, erasora emana egon da Garitanoren taldea. Hiruzpalau gol egiteko moduan egon da lehen zatian, baina beste bat soilik lortu du. Yuri izan da golegilea; Iñigo Martinezek lerro arteko pasea eman dio zarauztarrari, eta haren lasterkaldiari segitu ezinik geratu da Gago. Barandiaran atezainaren gainetik baloia loratu, eta 0-2koa egin du Yurik.

Bi goleko errentarekin, nahieran aritu da Athletic atsedenaldira iritsi bitartean. Itzuleran ere, lehengo lepotik burua izan du partidak. Zuri-gorriek aldea handitzeko aukera izan dute hasieran, baina Beñat Etxebarriaren jaurtiketa kanpora joan da. Hurrengo minutuetan erritmoa bizitu dute Garitanoren jokalariek, eta, hain justu, Igorrekoak hirugarrena egiteko aukera izan du 60. minutuan. Iñaki Williamsek atzerako pasea eman dio, eta area barruan zela astindu egin du baloia Beñatek. Gelditu bikaina egin du Barandiaranek; partida ona egin du Sestao Riverreko atezainak.

65. minutuan iritsi da Athleticentzat garaipenaz haragoko berri ona. Ia bi hilabete min hartuta egon eta gero, lehen minutuak jokatu ditu Iker Muniainek. Harekin, aurrerapausoa eman du Athleticek, eta partida erabakita utzi du 67. minutuan, Villalibreren bigarren golarekin. Azken unean, Yurik borobildu egin du bere partida ona. Athleticen laugarren gola sartu, sailkapena ziurtatu, eta ametsetik esnatu du Sestao River.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.