LEVANTE 0-1 ALAVES

Arnasa hartzeko garaipena

Lehen zati orekatu baten ondoren, Alaves Levante baino gehiago izan da bigarren zatian, eta ondo merezita irabazi du. Jaitsiera postuak zortzi puntura urrundu ditu.

Borja Sainz Alavesekoa atera jaurtitzen, gaur, Ciutat de Valencian. KAI FöRSTERLING / EFE
Igor Susaeta.
2020ko urtarrilaren 18a
15:20
Entzun

Etxetik kanpo puntuak batu ezinda zebilen Alaves. Bederatzi partidetan, garaipen batekoa (Eibarren) eta berdinketa batekoa (Getafen) zen pilatutako uzta. Mailari eusteko ahaleginean, beharrezkoa da zaleen berorik gabe jokatutako partidetan ere puntuak ateratzea, eta Asier Garitanok zuzendutako taldeak orain arteko ibilbide okerra zuzentzeko urratsa egin du Ciutat de Valencian, Levanteri 0-1 irabazita. Garitanoren planteamendu bat kritikatzeagatik azkeneko bi asteotan polemikaren erdigunean egondako Aleix Vidalek egin du garaipenaren gola 65. minutuan, kontraeraso bat baliatuz. Bigarren itzuliko lehen jardunaldian kolpetik hiru puntu zakuratuta, jaitsiera postuak zortzi puntura urrundu ditu Alavesek.

Bigarren zatian Levante baino askoz ere gehiago izan da Gasteizko taldea. Levanteak atzeko lerroan utzitako hutsuneak ondo aprobetxatu ditu, eta Valentziako taldearen atzelarien bizkarrera sakonean baloiak bidaliz, kontraerasoan dozena erdi bat aukera sortu ditu. Aitor atezainaren geldialdiengatik izan ez balitz, garaipena modu askoz ere erasoagoan lortuko zukeen Alavesek.

Halere, ez du gehiegi sufritu behar izan, nahiz eta Levante aurrera erraz egiten duen taldea izan. Lehen zatian tokiari eutsi dio Alavesek, ez du arriskatu,eta aurkariak ez dio apenas gol aukerarik sortu. Bigarrenean, ordea, etxekoen urduritasun baliatu du espazioak ondo bilatzeko, eta Lucasen mugimenduei eta Vidalen abiadurari esker min handia egin dio Levanteri.

Datorren astean, larunbatarekin, Vila-realen aurka jokatuko du Mendizorrotzan (18:30).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.