Sansebastianak

Haurrak eta Realeko jokalariak, egun eguzkitsu bateko protagonista

Realeko futboleko eta hockeyko jokalariek jaso dute Urrezko Danborra. Haurren danborradan, bestalde, milaka haurrek hartu dute parte.

2020ko urtarrilaren 20a
21:34
Entzun

Eguraldi onarekin eta Easo Ederraren eta ohorezko damen pertsonaiarik gabe. Halakoxea izan da gaur eguerdian San Sebastian eguneko haur danborrada. Bart gaueko bandera igoeraren ostean, eguerdian haurrek hartu dute lekukoa, eta danborrada polit batez gozatu ahal izan dute. Eguraldi ona lagun, 48 konpainia atera dira, eta, guztira, 41 ikastetxek hartu dute parte; zazpik bina konpainia atera dituzte.

San Sebastian martxa 12:00etan puntuan jo dute, Aimar Capa Harri Berri Oleta ikastetxeko Danbor Nagusiaren gidaritzapean. Eneko Goia alkateak eta beste hainbat udal ordezkarik ikusi dute udaletxeko balkoitik haur danborradaren hasiera. Baita handik minutu gutxira Urrezko Danborra jaso duten Realeko futbol eta hockey taldeko jokalariek ere. Hori izan da San Sebastian eguneko beste argazkia: Realeko futboleko eta hockeyko jokalariak Urrezko Danborra eskuan zutela.

Urte borobila izan zen 2019a Realeko jokalarientzat: Espainiako Kopa irabazi zuten futbolariek, eta Europako Kopan txapeldunorde izan ziren hockey taldekoak. Arrazoi nahikoa izan da hori bi taldeek Urrezko Danborra jasotzeko, eta ospakizun artean jaso dute omenaldia. “Orain arte jaso dugun omenaldirik hunkigarriena izan da”, esan du Nahikari Garcia futbolariak, danborra jaso berritan. “Zerbait handiaren hastapenean gaude, eta emakumezkoen kirolak hazten jarraitu beharra dauka”. Nereba Belzunegi hockey jokalariak, bestalde, omenaldia “Realeko hockeyaren urrezko belaunaldiari” eskaini die. Joan den urteko kirol lorpenak egiteko ezinbesteko hazia jarri dutenak izan ditu gogoan.

Urrezko Danborra jaso, eta San Sebastian martxa eta Realaren ereserkia jo dute txistulariek udaletxeko aretoan. Dantzan hasi dira omenaldia jaso duten jokalariak, ekitaldiari jai ukitua emanez. Haiekin batera egon da Realeko presidente Jokin Aperribai. Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, azken urteetan udalak egiten dituen kirol harreretan emakumezkoen taldeak hartu dituzte bakarrik. Kirol lorpen nagusiak haiek lortu dituzten seinale.

Udaletxeko ekitaldien aretoan Urrezko Danborra emateko ekitaldia amaitu ondoren, Realeko jokalariak balkoira atera dira, eta handik ikusi dute haurren danborrada. 41 konpainiak hartu dute Alderdi Ederreko parkea: 8.800 haur denetara. Aurten, gainera, izan da berritasunik, Easo Ederra eta haren laguntzaileen pertsonaiak kendu baitituzte. Pertsonaia horiek hautatzeko ardura zuen eskolak azaldu duenez, ez dute berdintasun balioekin bat egiten, eta horregatik erabaki dute postu horiek ez betetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.