Atxiloketak

EH Bildu: «Atxiloketak agenda demokratizatzaileari emandako erantzuna dira»

«Erasoaren izaera politikoa» nabarmendu du Sortuko Arkaitz Rodriguezek

Xabier Ugarte euskal presoaren harrera ekitaldia Oñatin. GORKA ESTRADA / EFE
Gotzon Hermosilla-Irati Urdalleta
2020ko urtarrilaren 22a
17:01
Entzun

EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek esan du «oso larria» dela  Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atxilotu izana, «politikan eta, batez ere, bakearen eta elkarbizitzaren esparruan aritzen diren lau lagun» atxilotu dituztelako. «2020. urtean oraindik ere arduradun politikoak atxilotzen jarraitzea oso larria da», erantsi du.

Iriartek nabarmendu du atxiloketen testuingurua aintzat hartu behar dela: «Bide demokratikoetatik aurrera egiteko norabidea hartzen den bakoitzean, estatu aparatuaren erantzuna atxiloketak eta errepresioa dira. Hori gero eta argiagoa da, bai Euskal Herrian, bai Katalunian». EH Bilduren iritziz, «estatuaren aparatuek EH Bildu bultzatzen ari den agenda demokratizatzaileari emandako erantzuna» dira atxiloketak, eta «salbuespen demokratiko baten» adierazgarri. Gehiengo politiko eta sozialari «erantzuteko» deia egin die: «Errepresioak eta arazo politikoen judizializazioak amaitu beharra dute. Ezin dugu egoera hau normalizatu». Herritarrak, berriz, egoeraren «larritasuna» dela eta, mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu Iriartek. «Herri honetako gehiengo politiko eta sozialak tinko eta erantzukizunez erantzun behar dio bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzari egindako eraso honi», gaineratu du.

Aurrerantzean ere agenda demokratizatzailea bultzatzen jarraituko dutela azpimarratu du Iriartek, atxiloketen bidez EH Bilduren norabidea eta pausoa aldatzen saiatu badira ere: «Irmo eutsiko diogu bideari, besteak beste, estatu aparatuek inpunitate osoz emandako erantzun antidemokratikoak berriro ere ez gertatzeko».

Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek, berriz, adierazi du atxiloketek ez dutela «inolako logika juridikorik», eta «eraso honen izaera politikoa» nabarmendu du.

Rodriguezek ere testuingurua izan du hizpide. Esan duenez, atxiloketak egin dituzte, noiz, eta «Euskal Herrian inoizko adostasunik handiena dagoen honetan presoen sakabanaketaren kontra eta espetxe politikaren errotiko aldaketa baten alde», eta «independentismoaren zati batek ahalbidetuta konponbiderako aukera leiho bat zabaldu den honetan».

«Estatu sakonari», hau da, «ultraeskuin juridiko, polizial eta mediatikoari» egotzi dio Rodriguezek operazioa, eta, haren hitzetan, helburua da «egoera lokaztea, baldintzatzea eta konponbiderako edozein aukera oztopatzea». Presoen harrera ekitaldiak «aitzakia huts eta merkea» baino ez dira xede hori lortzeko. «Parez pare estatu sakon bat daukagu, edozer egiteko prest dagoena aukera berri hau zapuzteko», nabarmendu du.

«Estatu sakon» horri ere zuzendu dio hitza Rodriguezek: « Ez dute ezer ulertzen uste badute Guardia Zibilarekin edo Auzitegi Nazionalarekin lortuko dutela Ezker Abertzalea eta, oro har, independentismoa bere hausnarketa politikotik, bere konpromisotik eta bere arduratik mugitzea».

Rodriguezek Euskal Herriko eragile politikoak eta euskal gizartea deitu ditu atxiloketei erantzutera, «irtenbide demokratikoen aldeko adostasuna bultzatzen jarraituz».

Erkoreka: «Delitu zantzurik» ez

Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du «ikusteko» dagoela atxilotuei zer leporatzen dieten, baina gogora ekarri du epaileek ez dutela terrorismoa goratzearen zantzurik ikusi presoei egiten dizkieten ongietorrietan: «Ikusi dute beste zerbait izan litekeela, baina ez terrorismoa goratzea».

Erkorekak gogorarazi du biktimen zenbait elkartek salaketak jarri dituztela ekitaldi horien harira, «baina epaileek esan dute tartean adierazpen askatasuna ere badagoela, eta gauza bat dela omenaldi horietan delitu zantzurik aurkitzea, eta beste bat ikuspegi etikotik edo biktimekiko gertutasunetik eska daitekeena. Auzibidean aurrera egin ahal izateko, benetako oinarri juridikoak behar dira».

Adierazpen eta manifestazio eskubideen urraketa

«Iraganera begira jarri gaituzte berriz Guardia Zibilak egindako atxiloketek». Hori ziurtatu du Sarek, ohar bidez. Atxiloketekin adierazpen eta manifestazio eskubidea urratu nahi dituztela.

Atxiloketak presoei egindako ongietorriekin lotura dutela esan du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horri erantzunez, Sarek nabarmendu du demokrazia batean inoiz ezin dela «lapurtu pertsona baten senide eta ingurukoen poza azaltzeko eskubidea».

Sarek bakearekiko eta elkarbizitzarekiko konpromisoa berretsi du, eta erantsi du hori uztar daitekeela indarkeria desberdinak jasan dituzten biktima guztiei errespetua eta babes osoa erakustearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.