Greba orokorra

Sindikatuek «greba egun garrantzitsua» espero dute ostegunerako

1.500 enpresa batzorderen atxikimenduak lortu dituzte dagoeneko, eta 171 greba batzorde ari dira lanean. Mobilizazioen berri eman dute.

Euskal Herriko Eskubide Soziaen Gutuneko kide sdiren sindikatuetako ordezkariak, greba deialdiko afixarekin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urtarrilaren 27a
21:52
Entzun

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kide diren sindikatuak baikor agertu dira osteguneko greba orokorrera begira. Atxikimendu bilketa egiten ari dira, eta 1.500 enpresak batzordek greba egingo dutela aurreratu diete. Era berean, 171 greba batzorde lanean ari direla nabarmendu dute, «aurreko grebetan baino gehiago», Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren ustez. Hark «ziurtasun osoa» du greba garrantzitsua izango dela: «Erantzun zabala espero dugu, eta mobilizazio oso garrantzitsuak». Izan ere, haren ustez, langileek eta herritarrek ulertu dute ez dela «ohiko» greba bat: «Borroka sozial guztiak batuko dituen egun bat da. Aktibazio sozialerako egun bat»

Mitxel Lakuntza ere sinetsita dago greba egun honetatik «indartsuago» irtengo direla, eta ostiraletik aurrera borrokak jarraitu egingo duela. Espainiako Gobernuak harturiko azken neurriak «eskasak» iruditzen zaizkiola esan du, eta arrazoiak sobera daudela greba egiteko. ELAko idazkari nagusiak erantzun egin dio Iñigo Urkulluk bidalitako eskutitzari, eta «gezurretan» ibiltzea leporatu dio. Gogoratu du baduela gutxieneko soldata eta pentsioak hobetzeko eskuduntza, besteak beste legebiltzarreko zerbitzu juridikoak horrela esan zutelako, eta jende askoren lan baldintzak hobetu ditzakeela: «Bera baita Euskal Herriko enplegatzailerik onena».

Manifestazio ugari

Sindikatuek, halaber, ostegunerako mobilizazioen berri eman dute. Aurreikusi bezala, goizean zortzi egingo dituzte, eta arratsaldean, 89 . Goizean, hiriburuetakoek zutabe ezberdinak izango dituzte. Bilbokoan lau zutabe aterako dira, 11:45ean, Zabalburutik, Deustutik, Jesusen Bihotzatik eta Errekalde Zumarkaletik, eta 12:30ean bat egingo dute, Moya Plazan. Donostian, berriz, Artzai Onean bat egingo dute (12:30) berrogeita bost minutu lehenago Gros, Amara eta Antigua auzoetatik irtendako zutabeek. Iruñean, zutabeak 12:00etan elkartuko dira, Gazteluko plazan. Zutabe horiek 11:00etan abiatuko dira, Sanduzelaitik, Berriozartik, Txantreatik, Arrotxapetik, Atarrabiatik, Unibertsitateetatik eta Barañaindik. Gasteizen, berriz, zutabe bakarra izango du, eta Bilbo plazatik irtengo da (12:00). Goizeko beste manifestazioak Eibarren (12:30), Lizarran (12:00), Tafallan (12:00) eta Tuteran (12:00) izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.