Arrazakeria

Iñaki Williamsi sostengua emango diote gaur Tenerifen

Kanarietako zaleek «Iñaki, eutsi gogor» euskarazko mezua helarazi diote Athleticeko aurrelariari.

Iñaki Williams, Elcheri sarturiko gol bat ospatzen, joan zen asteazkenean. MORELL / EFE
2020ko urtarrilaren 28a
19:09
Entzun

Bi pankarta jarriko dituzte gaur Tenerifeko (Kanaria uharteak, Espainia) Heliodoro Rodriguez Lopez estadioan, «arrazakeriarik ez» eta «indarkeriarik ez» mezuekin, Athleticeko Iñaki Williams jokalariari elkartasuna agertzeko. Athleticek eta Tenerifek 21:00etan hasita jokatuko dute, eta Frente Blanquiazul zale taldeak iragarri du 9. minutuan Williamsen aldeko aldarria egingo duela. 9. minutua aukeratu dute hori delako jokalariaren zenbakia. «Sostengu osoa emango diogu Iñaki Williamsi, arrazakeriaren kontrako borrokaren ikur gisa», idatzi dute Teneriferen zaleek euren Twitter kontuan, eta «Iñaki, eutsi gogor» euskarazko esaldiarekin amaitu dute mezua. Pankartak jartzeko, klubaren eta estadioko segurtasunaren arduradunen oniritzia dute zaleek.

Joan zen larunbatean, Espanyol taldeko hainbat zalek irain arrazistak egin zizkioten Athleticen aurrelariari, Cornella-Prat estadioan. «Triste noa berdinketarengatik, baina gehienbat irain arrazistak jasan ditudalako. Arraza beltzeko edo beste arraza bateko inork entzun beharko ez lukeen zerbait da. Lekuz kanpo dago erabat», adierazi zuen orduan futbolariak.

EH Bilduk Madrilgo Kongresuan duen taldeak galderak egingo dizkio Espainiako Gobernuari gertaeraren inguruan. Atzo erregistratu zituzten galderak. Besteak beste, estadioetan talde «arrazista eta xenofoboak» egotea galarazteko zer neurri hartuko dituen galdetuko diote Pedro Sanchezen gobernuari.

Bartzelonako taldearen zale batzuek tximino orroak egin zizkioten Williamsi, Athletic korner bat ateratzera zihoanean eta jokalaria jada zelaitik kanpo zegoenean, Espanyoleko atearen ondoan. Williamsek Iker Muniain kapitainari esan zion irain horien berri emateko epaileari, baina Jose Maria Sanchez Martinezek ez zuen halakorik jaso aktan. 

Oso bestela jokatu zuen epaileak abenduaren 15ean, Rayo Vallecanoko zaleek Albacete taldeko Roman Zozuliari «nazi» deitu ziotenean, jokalari ukrainarrak hainbatetan agertu dielako sostengua herrialde hartako eskuin muturreko taldeei. Epaileak partida bertan behera utzi zuen orduan. Horrez gain, zigorrak ezarri zizkion taldeari: etenda geratu zen bigarren zati hura ikuslerik gabe jokatzea, zelaia bi partidatarako ixtea, eta 18.000 euroko isuna ordaintzea. Gero, Espainiako Futbol Federazioaren helegite batzordeak erabaki zuen zigor horiek behin-behinean etetea, ebazpen irmoa egon arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.