Lehen Maila

Garaipen bat bera ere ez

Realak galdu egin du Leganesen, baita Athleticek ere Getaferen aurka San Mamesen, eta Osasunak ez du punturik ekarri Vila-realetik. Eibarrek berdindu egin du etxean Betisen aurka, eta beste horrenbeste egin du Alavesek Sevillan.

jarraia176961.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 2a
10:14
Entzun

Euskal Herriko taldeek bost partida jokatu dituzte asteburu honetan, eta ez dira gai izan garaipen bakarra ere lortzeko. Bi puntu baino ez dituzte atera bosten artean. Jardunaldi txarra izan da. 

Realak azken unean galdu du Leganesen, Oscarrek 94. minutuan falta bidez sartutako golarekin. Isakek aurreratu ditu txuri-urdinak 20. minutuan, Realaren nagusitasuna biribilduz. Bigarren zatian, ordea, aldatu egin dira gauzak, eta Leganesek berdindu egin du 49. minutuan, Omeruoren bitartez. Etxekoen aldeko joera hartuta zebilen partida, eta Oscarren golak eman dio saria Javier Agirreren taldeari. 

Athleticek ere ez du punturik atera Getaferen aurka San Mamesen. Damianek 36. minutuan sartu du kanpotarren aurreneko gola, eta Matak egin du bigarrena 50. minutuan, penaltiz. 

Osasunak ere ez du aukerarik izan Vila-realen, 3-1 galdu baitu. Oso tarte txikian erabaki da partida, gol guztiak hamahiru minutuan sartu dituztelako. Lehendabizikoa Alcacerrek egin du, 46. minutuan, etxekoen alde. Aridanek berehala berdindu du, handik bi minutura, baina Ruben Peñak azkar aurreratu du Vila-real, 54. minutuan, eta bost minutu geroago Cazorlak egin du etxekoen hirugarrena, penaltiz. 

Puntu bana Eibarrek eta Alavesek

Ipuruan, partida bizia eta joan-etorri handikoa jokatu dute Eibarrek eta Betisek, eta bi taldeek izan dituzte golak sartzeko nahi beste aukera, baina bi besterik ez dituzte sartu. Fekirrek aurreratu du kanpoko taldea zazpigarren minutuan, eta Orellanak berdindu du, penaltiz, hamabosgarrenean. 

Alavesek ere berdindu egin du Sevillako beste taldearen aurka, haren zelaian. Balio handiko puntua da, Sanchez Pizjuanen ez galtzea emaitza ona delako. Arabarrak aurreratu dira 70. minutuan, Joseluren golarekin, eta etxekoek berdindu egin dute zazpi minutu geroago Ocamposen golarekin, penaltiz. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.