Bartzelona 10-1 Reala

Ezinean eta ezinezko

Realak 10-1 galdu du Superkopako finala Bartzelonaren aurka. Kataluniarrak 6-0 ziren aurretik atsedenaldian, haien erabateko nagusitasuna berretsiz. Realaren ohorezko gola Manu Lareok egin du.

jarraia177279.jpg
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 9a
10:10
Entzun

Realak ezin izan du iaz Granadan egindako balentria berritu. Oso urruti izan du, gainera, horretarako aukera. Bartzelonak arrabola atera, eta 10-1 irabazi dio Gonzalo Arkonadaren taldeari Espainiako Superkopako finalean. Koska pare bat gorago dagoela erakutsi du. Kolpe gogorra txuri-urdinentzat. Izan ere, nahiz eta Bartzelonak goi mailako jokalariak eduki lerro guztietan, eta denboraldi honetan partidarik galdu gabe egon, bazuten itxaropena nor baino nor gehiago lehiatzeko. Ez da hala gertatu, ordea. Bartzelonak ez dio aukera txikirik ere eman horretarako. 

Ilusioz irten dira zelaira, baina kataluniarrek hasieratik oso estu hartu dute Reala. Atzean sartu dute lehen minututik, eta seigarrenerako 2-0 ziren aurretik. Marta Torrejon eta Alexia Putellas izan dira Mariasun Quiñonesen atea zulatu duten bi jokalariak, area txikian egindako bi erremateren ostean. Hasi eta berehala, beraz, maldan gora jarri zaie finala txuri-urdinei. Hurrengo minutuetan ahalegindu dira zelaian lekua berreskuratzen, eta egoerari buelta ematen. Minutu batzuetan zertxobait hobetu du Realak, baina bai jokoan, baita fisikoki ere Bartzelona nagusi zen. Partidari beste abiadura bat ematen zion unean Realak izugarri sufritzen zuen. Txuri-urdinen erasoko jokaldietako batean Barbara Latorrek min hartu du, eta Nerea Eizagirre atera da haren ordez. Tolosakoaren eta Leire Bañosen artean ahalegindu dira erasoan aukeraren bat sortzen. Horietako batean Nahikari ez da gutxigatik iritsi.

Baina Bartzelonak berriz estutu du, eta ondo bideratuta zuen finala erabakita utzi du lehen zatiko azken ordu laurdenean. Izan ere, 32. eta 44. minutuen artean lau gol egin ditu. Torrejon (30. min.), Oshoala (32.min.), Hansen (37. min) eta Alexia (44. min.) izan dira golegileak. Kasu batzuetan, erakusten ari ziren nagusitasun fisikoa baliatu dute, eta, beste batzuetan, Realak atzean egindako huts nabarmenak.

Lehen zatia 6-0ekoarekin amaitu da. Halakoetan, nagusi den taldeak jaitsi egin ohi du erritmoa. Ez da izan, ordea, Bartzelonaren kasua. Estutzen segitu du, eta denboraldi honetan titulu guztiak lortu nahi dituela berretsi du, Hala, Oshoalak 49an eta 55ean Torrejonek beste bi gol sartu dituzte. Arkonadak Nahiari kendu du berdegunetik, asteazkenean Madrilen aurka duten Espainiako Kopako partidan eta igandean Athleticen duten derbian pentsatuz, baita Leire Baños ere. Zelairatu den Manu Lareok egin du Relaren ohorezko gola, Nerea Eizagirrek sakonean emandako pase baten ostean (61. min). Realaren sufrikarioa ez da hor amaitu, Bartzelonak beste bi gol sartu baititu. Jasotako zaplaztekoa ahalik eta azkarrena ahaztu, eta asteazkenean Madrilen aurka duten Espainiako partidan pentsatzea baino ez zaie geratzen txuri-urdinei. Ametsa, amesgaizto izan baita gaur. Lehen urratsa partida amaieran egin dute. Jokalari guztiek elkar hartu baitute, eta eskerrak eman dizkiete Salamancara bildu diren zaleei.

Jokalarien protesta ekintza, lan hitzarmena sinatzeko eskatuz

Finala hasi orduko, 30 segundoz geldirik egon dira bi taldeetako jokalariak, protesta adieraziz emakumezkoen futbola arautuko duen hitzarmena sinatu gabe dagoelako. Bi taldeetako kapitainek adostu dute ekintza hori egitea. Tratua egina dute Espainiako Federazioak, patronalak eta jokalarien sindikatuak, baina ez dira sinatzeko gai izan oraindik, desadostasunak dituztelako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.