Osasuna 1-4 Real Madril

Ezintasuna

Osasunak astindua jaso du Real Madrilen aurka Sadarren, aurretik jarri bada ere hamabosgarren minutuan. Lehen zatian bertan irauli du emaitza kanpoko taldeak. 

jarraia177283.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 9a
10:02
Entzun

Haserre azaldu da Real Madril gaur Sadarren, aste barruan Espainiako Kopatik kanpo geratu eta gero, non eta zaleen aurrean. Halakoetan, berez arriskutsua den taldea arriskutsuagoa izaten da, eta Osasunari ordainarazi dio Iruñera ekarri duen aldarte txarra. 

Hasieran, ordea, etxeko taldeak hortzak erakutsi dizkio, baita gola sartu ere. Imanol Garciaren burukadak eman dio aldea Osasunari hamalaugarren minutuan. Hortik aurrera, baina, Real Madril bizitu egin da, eta, etxekoek atzera egin ez badute ere, nagusitzen hasi da, eta egoera hori berretsi du berdinketaren golarekin, Iscoren bitartez 33. minutuan. Handik bost minutura jarri da aurretik, Sergio Ramosen golarekin. Osasunak ez zuen hainbesteko kolperik merezi, baina zitalak dira gero Real Madrilekoak eraginkortasunean. Lehen zatia amaitzen joan den bezala, etxekoek behera egin dute, gainera. 

Bigarren zatian, etxekoak hasi dira gola sartzeko aukerak sortzen, eta Iñigo Perezen jaurtiketak hutsa behar izan du sarera joateko, eta beste horrenbeste gertatu zaio Ruben Garciari ere. Ondoren, erritmo bizia apaldu egin da, etxekoen kalterako. Dena dela, Osasunak aukera izan du berdintzeko, Ruben Garciaren bidez berriz ere, baina Varane atzelariak atera dio baloia. Neke fisikoa gailentzen joan zaio Osasunari minutuak aurrera joan ahala, eta azken bost minutuetan, beste bi gol sartu dizkio Real Madrilek. Lucas Vazquezek sartu du hirugarrena 84. minutuan, eta Jovicek egin du laugarrena, 92.ean. 

FITXA

Osasuna 1: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Unai Garcia, David
Garcia, Estupiñan; Roberto Torres (Cardona, 77. min.), Moncayola (Fran
Mérida, 9. min.), Darko, Iñigo Perez; Jose Arnaiz (Gallego, 61. min.) eta
Ruben Garcia.

Real Madril 4: Courtois; Carvajal, Varane, Ramos, Mendy;
Modric, Casemiro, Valverde; Bale (Lucas Vazquez, 71. min.), Benzema
(Jovic, 88. min.) eta Isco (Vinicius Jr, 82. min.).

Golak: 1-0:  Unai Garciak (14. min.). 1-1: Iscok (33. min.). 1-2: Ramosek (38. min.).
1-3: Lucas Vazquezek (88. min.). 1-4: Jovicek (94. min.).

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Osasunako Vidal eta David Garciari; eta Real Madrileko
Carvajal eta Ramosi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.