Urkullurekin bildu ondoren, desagertuetako baten senideak «are haserreago»

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Zaldibarko zabortegira joan da, lehen aldiz hondamendia gertatu zenetik. Luiziaren ondorioz desagertuta dauden bi beharginen senideekin batzartu da.  

Urkullu autoaren barruan, EITBko berriemaileen kamerako pantailan. BERRIA
2020ko otsailaren 12a
07:03
Entzun

Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian joan den ostegunean gertatutako luiziaren ondorioz desagertuta dauden bi langileen senideak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu dira, gaur, Zaldibarren bertan. Desagertuetako baten senide batek BERRIAri adierazi dionez, bilera horretan Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ere parte hartu dute. Senideak nabarmendu duenez, batzarraren aurretik «lur jota, minduta eta haserre bazeuden», orain «are haserreago» daude. Ez du azalpen gehiago eman nahi izan.

Abokatu baten esku utzi dute auzia, eta hark berripaper honi adierazi dionez, «gorpuak agertu arte» ez du adierazpenik egiteko asmorik. «Familia gaindituta dago». Herritarrek azken egunotan agertutako babesa eta elkartasuna eskertu ditu.

Lehendakaria zabortegira joan da gaur goizean, ostegunean ezbeharra gertatu eta astebetera ia. Ustekabean agertu da, bisita hori ez baitzegoen haren eguneko agendan programatua. Enpresa baten urteurrenean egon da aurretik, eta beste ekitaldi batera joan da segidan, adierazpenik egin gabe. Astelehenean eman zuen prentsaurrekoan azaldu zuen ez zela ordura arte Zaldibarren egon, ez zuelako «eszenifikaziorik» nahi, eta «Twitterren antolatzen diren kanpainak» gutxietsi zituen.

Goizean, mugimendu handia egon da zabortegian. Herbehereetatik joan da gas toxiko eta zabortegietako aditu bat. Elena Moreno Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak adierazi du aditu nederlandarra Sailburuordetzaren taldean ariko dela lanean: «Ebaluazio bat egiten ari da, jakiteko non egon daitezkeen arriskuak, eta non egin behar dugun lan». Fronte asko dituzte irekita, haren esanetan: «sutea, egonkortasuna, igarobidea...». Lehentasun nagusiak, bi: «Bi langileen erreskatea eta herritarren segurtasuna».

Aurrenekoz Zaldibarren izan dira Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua ere. Ernesto Martinez de Cabredo URA agentziako burua ere joan da zabortegira.

Arratsaldean, bilera egingo dute Verter Recycling enpresarekin, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak enpresa horri egotzi zion erantzukizun guztia atzo, eta esan zuen azkeneko egunetan ez dela behar beste laguntzen ari. Administrazioak diligentziak ireki dizkio, lan eta ingurumen deliturik egin ote duen ikertzeko. «Halako egoera batean, normala da shock egoeran geratzea, eta ez erreakzionatzea», azaldu du Morenok. Esan du orain Jaurlaritzak «mahai gainean» jarri dizkiola gauzak, eta enpresak berak eskatu diola bilera. Bihar, koordinazio bilera egingo dute Zaldibarko udaletxean.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5era aurreratu dituela iragartzeko eman zuen prentsa agerraldia, eta kazetari batek galdetu zion ez ote zuen sentitu Zaldibarrera joateko beharrik. Izan ere, biktimen senideenganako enpatia falta leporatu diote lehendakariari. «Twitterren antolatzen diren kanpainengatik? Ez», erantzun zuen. Gertatutakoa definitzen hasita, «lan istripua» izan zela esan zuen, hirugarrenean.

Goizean, Erkorekari elkarrizketa egin diote Radio Euskadin. «Lehendakaria lehen egunetik egon da gaiari adi», esan du han. Hura ere «Twitter bidez» ari direnei mintzatu zaie, eta esan du Zaldibarko ezbeharragatik Jaurlaritzaren aurka egitea «politika sarraskijalea» egitea dela. Onartu du «hobeto» egin zitekeela, baina senideekin izan direla «ia-ia lehen egunetik».

«Airearen eta uraren kalitatea ona da. Zabortegiko goialdea egonkortzea da premiazkoena, itzaltze zerbitzuek sua itzali ahal izan dezaten», azaldu du Erkorekak. Luizia gertatu den inguruko etxeetan ezin dute txorrotako urik edan, baina, bozeramailearen esanetan, hori «neurri prebentiboa» da.

Erkorekak berak adierazi zuen atzo administrazioak diligentziak ireki dizkiola Verter Recycling enpresari, lan eta ingurumen deliturik egin ote duen ikertzeko. Enpresa horri egotzi zion erantzukizun guztia, eta esan zuen azkeneko egunetan ez dela behar beste laguntzen ari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.