Athletic 1 - 0 Granada

Gol bateko abantaila lortu du Athleticek

Athleticek alde handiagoa egiteko aukera izan du Granadaren aurkako Espainiako Kopako finalerdien joanekoan. Muniainek egin du partidako gol bakarra. Epaileak Capari kendu dion gol batek zaleak haserretu ditu.

Athleticeko jokalariak Muniainen gola ospatzen, gaur, San mMamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 12a
23:21
Entzun

Athleticek Granadak baino hurbilago du Espainiako Kopako finala, baina gaurko partida ikusi ondoren, Los Carmenesko itzulerakora abantaila handiagoarekin ez joatearen pena edukiko dute zuri-gorriek. Izan ere, bizkaitarrak nagusi izan dira, eta partidaren minutu gehienetan haien joko zuzen, bizkor eta azkarrak gainezka egin die espainiarrei. Athleticek hiru gol sartu ditu, baina epaileak horietako bakarra eman du ontzat, Iker Muniainek lehenbiziko zatian sartu duena. Partidaren bukaeran, horixe eman dio San Mamesek Athletici: gol bateko abantaila, Sevillako finalerantz.

Bizkaitarrak erritmo bizian hasi dira, baina lehenbiziko ordu laurdenetik aitzinera lortu dute Granada mendean hartzea. Iker Muniainek behar adina toki aurkitu du zelai erdian eroso mugitu eta pase egokiak aurkitzeko, Ander Capa eta Yuri Berchiche etengabe ailegatu dira espainiarren area bazterreraino bi hegaletatik, eta nabarmentzekoa izan da Raul Garciaren eta IƱaki Williamsen lana. Nafarrak bizkarrez jaso dituen makina bat baloi kontrolatu, eta pase arriskutsu bilakatu ditu, eta Williamsen lasterkaldiak amesgaizto bat izan dira Granadako atzelarientzat.

Lehenbiziko zatiko hogei minututan Granadak ia ez du baloirik ukitu eta ez du zelai erdiko marra gainditu, eta Athleticek hagitz joko ona landu du: bizkorra, zuzena, eta ongi korapilatutako paseekin. Horrela, aukera eskerga bat sortu du Williamsen, Mikel Vesgaren eta Yuriren jaurtiketekin, baina ez du asmatu.
Lehenbiziko zatiaren azken hamar minutuetan Athleticek erritmo ezin biziago hori jaitsi egin du, baina, jokoaren paradoxak, tarte horretan egin du gola: Williamsek pase luze bat kontrolatu du, zuzenean sartu da arean, eta Muniaini pasatu dio baloia, hark gibeletik etorrita atera errematatzeko. 42. minutua zen, eta kolpe handia eman dio Granadari. Lehenbiziko zatiak albiste txar bakarra utzi dio Athletici: Dani Garciaren txartela horia, Los Carmenesko itzulerako partida galduko baitu.

Bigarren zatia hasi eta berehala epaileak baliorik gabe utzi du Yerayren gol bat, falta bat atera ondoren, bortz jokalari zuri-gorri jokoz kanpo zeudelako. Granadari ikara pasatu zaionean, baloiaz jabetu da, erasoan gehiago arriskatzeko beharra sortu zaiolako. Athleticek patxadaz eutsi dio, eta jarreraz aldatu du: gibelean eutsi, eta kontraerasora bizkor atera. Sekulako mina egin dio horrek Granadari.

Eta horrela egin du Ander Capak bigarren gola, area kanpotik jaurtita Yuriren pase bat jaso ondoren. Hernandez Hernandezek, ordea, VARaren ikuskapenaren ondoren gola ez ematea erabaki du, Williamsek, jokoz kanpo zegoela, Rui Silva atezainaren mugimendua baldintzatu duelakoan, nahiz eta baloia ez ukitu. San Mamesko zaleak sutu ditu erabaki horrek. 60. minutua zen.

67.ean, Gaizka Garitanok Aritz Aduriz atera du zelaira Raul Garciaren ordez. Ikusleek txalo zaparrada batekin hartu dute donostiarra, Kopan San Mamesen jokatu duen azken partida baita. Bitxikeria bat ere utzi du estatistiketarako, zelaira atera eta zortzi segundo eskasera txartel horia atera baitio epaileak, falta bat egin duelako.

Jokaldiak ezin ongi bukatu
Granadak zerbait egin nahi zuen, baina Athleticeko defentsen harresiarekin topo egin du etengabe, eta zuri-gorriak kontraerasoan ia nahieran atera dira. Norgehiagoka bukatzeko zazpi minuturen faltan, andaluziarrek bi erremate on egin dituzte, baina Unai Simonek Carlos Nevaren areaz kanpoko jaurtiketa eta Maxime Gonalonsen burukada bat gelditu ditu. Athletic erraz ailegatu da bertze arearaino, baina ez ditu jokaldiak taxuz bukatu. Horren ondorioz, gol bakarreko aldearekin joanen da Granadara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.