REALA 2-1

Abantaila, baina motza

Realak 2-1 irabazi du Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partida, baina ez du bere jokorik onena egin. Mirandesek estu hartu ditu txuri-urdinak, eta itzulerako neurketan erabakiko da kanporaketa.

Portu eta Kijera, baloi batengatik lehian. Txuri-urdinek ezin izan zuten Mirandesen amauranean nahi bezain ondo moldatu. JC. RUIZ / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 13a
23:27
Entzun

Abantailarekin, baina ezer itxi gabe. Hala amaitu du Realak Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partida, 2-1 irabazita. Txuri-urdinak estu hartu ditu Mirandesek, eta gol bakarreko errentarekin amaitu dute donostiarrek.

Arratsaldetik agerian geratu da hitzorduaren berezia. Realak 32 urte daramatza kopako final baterako sailkatu gabe, eta zaleek beren aletxoa jarri nahi izan dute etxeko partidan. Atotxako zelai zaharretik, Anoetako harmail berrira dio estadioan abestu ohi den kantu batek, eta Egiako zelaian bizitako une loriatsuak ekarri nahi izan dituzte partidaren aurretik. Lepo zegoen Madril hiribidea neurketa baino bi ordu lehenago. Zaleek harrera sutsua egin zieten txuri-urdinei: bengalek eta bufandek zabaldu diote bidea Realaren autobusari.

Anoeta barruan ere harrera beroa jaso dute etxeko jokalariek. Esaterako, garaipenera arte idatzia zuen oihala zabaldu dute Aitor Zabaleta harmailako kideek. Imanol Alguacilen jokalariek bete dute zaleen eskaria, baina kostata. Mirandesek hasieratik argi utzi du ez dela kasualitatez iritsi finalerdietara, eta estu hartu du Reala lehen zatian. Bisitariek izan dute lehen aukera, Martin Merquelanzen jaurtiketa baten bidez; lehen 45 minutuetan arriskua sortzen asmatu du Andoni Iraolaren taldeak, ausart jokatuta.

Halere, Reala izan da lehen golaren egilea. Bederatzigarren minutuan erasora egin dute txuri-urdinek, eta Cristian Portu Mirandesen areara sartu orduko lurrera bota du Odei Onaindia lekeitiarrak. Penaltia adierazi du epaileak, eta Mikel Oiartzabalek ez du barkatu; baloia erraz sartu du sarean. Minutuek aurrera egin ahala joan-etorrikoa bihurtu da neurketa. Astun aritu dira txuri-urdinak, eta gose gehiagorekin Mirandes. Hala, 40. minutuan kolpea jaso dute etxekoek. Malsak baloia berreskuratu dute zelai erdian, eta huts egin du Martin Odegaardek. Matheusi iritsi zaio baloia, eta banakoa egin du brasildarrak.

Segituan zuzendu du akatsa erdilari norvegiarrak. Jokaldi bat antolatu ostean area kanpotik jaurti eta ozta-ozta aldendu du Mirandeseko Limones atezainak. Bi alderatzeren ostean, ordea, gola egin du Odegaardek. Horretxek leundu du lehen zatia.

Atsedenalditik bueltan, Portuk aldea handitzeko aukera argiena izan du. Mirandesek sikatu egin du Realaren jokoa, eta zelai erdiko lehia nagusitu da. Hala, bi taldeek ez dute aukera argiegirik egiterik lortu. Realaren kasuan, azken asteetan jazotakoaren alderantzizkoa gertatu da: erasoko jokalariak hutsal aritu ziren, eta atzeko lerroak atera ditu babak eltzetik. Izan ere, Mirandesek ez dio utzi lehiatzeari, eta berdinketako gola sartzeko aukerak ere izan ditu. Azken unean hirugarrena egin eta itzulerakora arnas gehiagorekin joateko moduan izan da Reala, baina ez: Mirandan erabakiko da kanporaketa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.