Olaizola II.a-Urrutikoetxea 22-9 Irribarria Rezusta

Nahasarazi eta gainetik pasatu

Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak astindua eman diete Irribarria eta Rezustari azkenaurreko jardunaldian (22-9), eta kanporaketarako sailkatzeko aukerak handitu egin zaizkie, azkenekoan irabaziz gero barruan izango baitira. 

Aimar Olaizola pilota astintzen, abenduaren 29an, lehen itzulian gaurko bi bikoteek jokaturiko partidan. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 16a
10:23
Entzun

Partida erabakigarria zen gaurkoa Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearentzat. Kale edo bale. Binakako Txapelketako kanporaketan sartzeko aukerari eutsi, edo etxera. Irribarria eta Rezustarentzat bigarren fasean aritzeko giltza zeukan gordeta gaurkoak: irabaziz gero, barrura. Galduz gero, gaurko aurkarien mende egon behar. Final kutsua zuen partidak, eta finalak jokatu eta irabazi egin behar omen dira. Tolosan, jokatu eta ondo, gainera, Baiko enpresako bikoteak egin du; Aspekoak, aldiz, ez du ezer egin. Azkeneko emaitza: 22-9. Eta gaurkoaren aurretik ia kalean zirenak barruan sartzeko aukera handiekin geratu dira; ia barruan zirenak, aldiz, kanpoan geratzeko arriskuarekin. 

Horrelako alde handia azaltzeko, ez da asko luzatu behar: irabazleek aurrez landuta zeukaten estrategia gauzatu dute, eta galtzaileek, ez. Olaizolak eta Urrutikoetxeak ondo dakite Irribarriaren eta Rezustaren indargunea kolpea dela, jo eta jo aritzea. Bi horiek nahastea zen gaurko irabazleen helduleku bakarrenetakoa, eta horixe egin dute. Nahasarazi eta gainetik pasatu, gainera. Asmatzearekin batera. Datua: Olaizolak 11 tanto egin ditu, eta bi galdu; Irribarriak, bost egin, eta sei galdu. 

Estrategiaren barruan, bazen beste bat ere: pilota motela. Edo jotzaileenak baino makalagoak zirenak. Horixe egin dute irabazleek sakea berreskuratu duten bakoitzean: haien pilotak atera. Galtzaileek ere aukeratuak zituzten beraienak, jakina, eta aldatu ere aldatu dute sakea bereganatu eta segituan, baina ezinean ibili dira aldeko materialarekin ere. 

Olaizolak eta Urrutikoetxeak egin dituzte lehendabiziko bi tantoak. 4-1 ere jarri dira segituan. Launa berdintzea lortu dute galtzaileek, eta, hortik aurrera, akabo mundua, burua, pazientzia eta gainerako ezaugarri onak bikote gorriarentzat, 2017ko txapeldunentzat. 13-5eraino joan zaizkie Olaizola eta Urrutikoetxea. 16-5ekoa ere jarri dute markagailuan, baita 18-6koa ere. 22-9 azkenean. Pozik garaileak, muturtuta eta kezkatuta galtzaileak. Baita Aspe enpresako arduradunak ere. Izan ere, epelak bota ditu Jon Apezetxea intendenteak, batez ere Irribarriaren aurka, noiz eta partida 12-5ekoarekin zenean: "Gaizki ari da Irribarria. Gaur irabazteko zer egin behar zen tontoenak ere badaki, baina ez dira ari egiten". 

Kirioak dantzan izango dituzte Apezetxeak eta Aspe enpresako arduradunek datorren asteburuan. Larunbatean daukate partida Irribarriak eta Rezustak Laso eta Albisuren aurka. Labrit pilotalekuan, Iruñean. Galtzen badute, sailkatuak egongo dira Olaizola eta Urrutikoetxea. Bi horiek igandean dute ligaxkako azkeneko partida, Bilbon, Ezkurdia eta Martijaren aurka. Bezperan, Aspekoek irabazten badute, 2016ko txapeldunek ere irabazi egin beharko dute txapelketan segitzeko; galtzen badute, kalean izango dira. Bi bikoteek galduko balute, Olaizola eta Urrutikoetxea leudeke sailkatuta, bi bikoteen arteko bi partidetan irabazi egin dutelako. 

SAILKAPENA

1. Jaka-Zabaleta 11 puntu.*
2. Ezkurdia-Martija 9 pt.*
3. Artola-Imaz 8 pt.**
4. Altuna-Galartza 7 pt.**
5. Laso-Albisu 6 pt.**
6. Irribarria-Rezusta 5 pt.
7. Olaizola-Urrutikoetxea 5 pt.
8. Bengoetxea-Mariezkurrena 1 pt.

* Finalerdietarako sailkatuta
** Finalerdien atariko kanporaketarako sailkatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.