Sexu indarkeria

Emakumeen kontrako 5.000 eraso erregistratu zituzten 2018an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eustatek argitaratu ditu datuok, 'Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Euskal Autonomia Erkidegoan 2020' txostenean

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko martxoaren 6a
14:11
Entzun

Azken hamar urteotako kopururik handiena da: Ertzaintzak indarkeria matxistaren 5.000tik gora kasu erregistratu zituen 2018. urtean, Eustat estatistika institutuak jakinarazi duenez. Hamar kasutatik bederatzitan, erasotzailea emakumearen familiakoa edo gertukoa zen; hamarretik zazpitan, berriz, bikotekidea edo bikotekide ohia. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Euskal Autonomia Erkidegoan 2020 txostenean argitaratu dituzte datu horiek.

Familia barruan gertatutako erasoen multzoan (%90) biktimen herenak adingabeak direla nabarmendu du Eustatek; eta beste heren bat 50 urtetik gorako andrazkoek osatzen dute. Bikotekide edo bikotekide ohiaren erasoak pairatu zituzten emakumeei dagokienez, 20 eta 50 urte artekoak ziren hamarretik zazpi.

Familiatik kanpo gertatutako erasoak askoz urriagoak dira (%10 inguru); horietatik 388 kasu izan ziren emakumeen sexu askatasunaren aurkakoak. Biktimei dagokienez, %56 ziren 20 urtetik beherakoak, eta 155 kasutan, sexu erasoa pairatutako emakumezkoak adingabeak ziren.

Kasu gehienetan —erasoa familia barruan nahiz kanpoan gertatu—, indarkeria fisikoa erabili zuten erasotzaileek: 3.000tik gora kasutan, zehazki. Indarkeria fisikoko kasu gehienak bikote harremanetan gertatzen direla ere azaldu du Eustatek txostenean: biktima eta erasotzailea bikotekideak edo bikotekide ohiak ziren erregistratutako indarkeria kasuen %74,8tan.

Soldata arrakalak

Errenta aztertzen duen atalean, txostenak adierazten du gizonen eta emakumeen arteko batez besteko errenta arrakala 10.445 eurokoa zela 2017an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta ez zela murriztu 2001 eta 2017 urteen artean. Eustaten arabera, arrakala hori bereziki areagotu da lan errentetan (6.424 euro) eta transferentzietan (2.647 euro).

Jatorriari lotutako arrakala ere «gero eta handiagoa» dela dio estatistika institutuak: «Zenbait kasutan, emakume atzerritarren errenta pertsonala gizon atzerritarren batez besteko errentaren erdia da».

Urtean 18.000 baino gutxiago jasotzen dutenen multzoan, emakumezkoak dira %66. Kopuru horretatik gorako estratuetan, berriz, gizonezkoak dira nagusi (%60). Adinean gora egin ahala, gainera, handitu egiten da emakumeen eta gizonen batez besteko errentan dagoen aldea. 65 eta 69 urte bitartekoen multzoan dago tarterik handiena: batez beste, 17.309 euro gehiago jasotzen dute gizonezkoek, emakumeek baino.

Soldatapeko lanari buruzko atalean, txostenak azaltzen du emakumezkoen kontratuak gizonezkoenak baino «kalitate eskasagokoak direla». Hala, emakume gehiagok dituzte aldi baterako kontratuak. Kontraturik gabeko langileen taldean ere, askoz ugariagoak dira emakumezkoak: 6.000 emakume eta 2.200 gizon, hurrenez hurren. Zerbitzuen sektoreak biltzen du biztanleria aktiboaren bolumen handiena: emakumeek gizonek baino pisu handiagoa dute multzo horretan (% 53). Langabeen ehunekoa ere handiagoa da andrazkoen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.