Martxoak 8

Emakume arrazializatuek jomugan jarri dituzte instituzioak

Hainbat emakumek protesta egin dute Bilbon, salatzeko sistema «kolonialak» etengabe zapaltzen dituela. Erakundeen «arrazakeria» kritikatu dute bereziki. «Kontzientzia falta handia» sumatzen dute inguruan.

Emakume migrante eta arrazializatuek protesta egin dute Bilbon, Espainiako Atzerritartasun Bulegoaren aurrean, goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko martxoaren 6a
16:34
Entzun

«Sistema kapitalista, kolonialista, arrazista eta heteropatriarkalaren eskutik jasandako» biolentzia salatzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Atzerritartasun Bulegoaren aurrean elkarretaratzea egin dute emakume arrazializatuek Bilbon. Arrazismoaren aurkako Martxoak 8 baten alde leloa erabili dute. Bilbo Feminista Saretzenen barruko arrazakeriaren aurkako ardatzak antolatu ditu elkarretaratzeak; arratsalderako Foru jauregiaren aurrean eserialdi bat antolatu dute, 19:45ean.

Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean batu dira lehenbizi, eta adierazpenak egin dituzte han. «Sistema global eta kolonialista honek gure herrialdeak pobretu eta esplotatu egiten ditu, eta hona heltzen garenean ere esplotazioarekin jarraitzen du: sasoiko langileen eta etxeko langileen kasuan, besteak beste», irakurri du Caren Brunelek. Zortzi emakume jarri dira lehenengo ilaran, eta gorputz osoa estaltzen zien kartoi zati bat zeramaten lepotik zintzilik. Brunelen kartelean honela irakur zitekeen: «Nire paperak eskuratu ahal izateko, bost hilabete daramatzat Atzerritartasun Bulegoaren erantzunaren zain».

Inor ez da ilegala! eta Osasuna, duintasuna eta etxebizitza! oihukatu dute emakumeek. Orotara 30 bat ziren. Maria Juncal da horietako bat, eta Bilbo Feminista Saretzen mugimenduan hartzen du parte. «Badirudi etiketa batekin gatozela, eta emakumea eta arrazializatuak egoteagatik lan zehatz batzuk egitera kondenatuta gaudela. Gure ustez, zaintza lanak dira horiek, eta uste dugu instituzioek bere gain hartu beharreko lanak direla; Bizkaiaren kasuan, Foru Aldundiak».

Jaurlaritzatik Atzerritartasun Bulegorako bidean espaloitik joan diren arren, manifestazio baten itxura hartu du mobilizazioak, eta gero eta emakume gehiago batu zaio. Tamara Nogera ikaslea da Zurbaran institutuan, eta gaur hiru orduko etenaldia egin du, mobilizazioetan parte hartu ahal izateko. «Nire institutuan kanpotar asko gaude, baina gaur soilik etorri gara bi. Kontzientzia handia falta dela uste dut», azaldu du Nogerak. «Ni Paraguain jaio nintzen, eta oso beharrezkoa iruditzen zait gaur hemen egotea. Oso pertsonala da niretzat». Ados dago mugimendu feministako kideek egindako aldarri guztiekin, eta emakume atzerritarren egoera ikustarazi behar dela azaldu du.

Aski da gure umeak eskola berdinetan bereizteaz, irakur daiteke Afaf El Halouiren kartelean. Ahizpatasuna emakume marokoarren elkarteko kidea da eta duela hamar urtetik hona feminismoan topatu du babesgune bakarra. «Uste dut bide egokia hautatu dudala: antolatzea eta elkarteetan parte hartzea». Lanbidek emakume arrazializatuak alde batera uzten dituela uste du El Halouik. «Emakumea, arrazializatua, eta biolentzia matxistaren biktima izan den emakume umedun batek ez dauka lekurik euskal instituzioetan. Lanbidek ez ditu kontuan izaten zailtasun horiek guztiak, eta beste alde batera begiratzen du».

Vanesa Fernandezek Emakume ijitoak gara testua duen kartel bat darama eskuan, eta salatu du arrazismo soziala pairatzen duela etengabe, instituzioetan gertatzen diren eskubide urraketez gain. «Denda batera sartzerakoan, ijitoa zarela ikusten dutenean, jarraitzen zaituzte; eta metroan nagoenean, nik ekiditen dut jendearengana hurbiltzea, ez dezaten pentsatu lapurretan egingo diedanik».

Martxoaren 8an kalean egongo direla adierazi dute emakumeek. Hala ere, badakite oso zaila dela emakume arrazializatuak mobilizatzea, pairatzen dituzten zapalkuntzengatik. «Ni hemen nago etxeko langile askok ezin dutelako egon; gure elkartasuna adierazten diegu», azaldu du manifestazioan parte hartu duen Bety Gutierrezek. Atzerritartasun Bulegora heltzerakoan sarrera oztopatu dute, eta zinta hori-beltza jarri diote ateari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.