«Gorpuak berreskuratzeko eta gertatutakoa argitzeko» eskatu dute desagertuen senideek

Sololuze eta Beltran luizian desagertu zirenetik hilabete igaro denean, ez etsitzea galdegin diete haien bila ari diren beharginei. Sololuzeren senideek jakinarazi dute enpresa ez dela haiekin harremanetan jarri.

jarraia178520.jpg
Maite Asensio Lozano.
2020ko martxoaren 7a
13:53
Entzun

Azken hilabetean ez dugu bakerik izan, jasaten ari garen sufrikarioak ez baitigu tarterik uzten beste ezertan pentsatzeko». Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen senideak minduta baina irmo mintzatu dira berriz ere. Hilabete igaro da Verter Recycling enpresak Zaldibarren (Bizkaia) duen zabortegia amildu zenetik eta bi langileak hondakinen azpian geratu zirenetik, eta haien familiek berriro adierazi dute zein den beren lehentasuna: «Gorpuak berreskuratu eta gertatutakoa argitu». Esker ona adierazi diete erreskate lanetan ari diren beharginei: «Badakigu eginahalak egiten ari direla Alberto eta Joaquin aurkitzeko, eta adierazpen honen bidez, bi familien indar guztia helarazi nahi diegu, ez etsitzeko».

Zabortegiaren sarreran egin dute agerraldia bi sendiek, elkar babestuta, eta lore sortaz eta oroigarriz inguratuta. Agiri bat irakurri du Sololuzeren iloba Helene Alberdik. Gogora ekarri du lanean desagertu zirela bi gizonak: «Denok dakigu gutxi gorabehera non, denok ezagutzen dugu parajea, eta denok ari gara bultzaka, norbere aldetik, lehenbailehen atera ditzaten». Gaia hedabideetako lehen lerroetatik desagertzen ari delako kezka adierazi dute: «Baina lurpean jarraitzen dute, eta gure oinazea gero eta larriagoa eta jasanezinagoa da».

Mobilizazioetan parte hartu duten herritarren babesa ere eskertu dute. Ondoren, hedabideei egindako adierazpenetan, Alberdik erantsi du ez dutela «enpatia bera» sentitu erakunde publikoen partetik, eta are gutxiago enpresarenetik: «Ez dira gurekin harremanetan jarri. Bizi osoa haientzat lan egin, eta doluminak ematera ere ez dira hurbildu». Justizia nahi dutela berretsi du: «Badakigu hemen ardura batzuk daudela, eta errudunek pagatu beharko dute, baina momentu hauetan gure lehentasuna da gorpuak ateratzea eta dolua egitea».

Era berean, erreskate lanen inguruko informazio argiagoa galdegin diote Eusko Jaurlaritzari. Alberdik azaldu du desagertuen senideak bileretara deitzen dituztela azalpenak emateko, baina haien abokatuek ezin dutela batzar horietan parte hartu. «Batzorde bat sortzea eta abokatuek bertan egotea nahi dugu. Batetik, haiek hobeto ezagutzen dituztelako termino teknikoak; eta bestetik, guk ere atseden pixka bat hartu behar dugulako».

Arratsaldean, desagertuen omenez, elkarretaratze bat egingo dute Zallan (Bizkaia); hangoa zen Beltran, eta haren familiak antolatu du: 17:00etan izango da, Euskadi plazan. Atzo ere mobilizazio bat egin zuten herrian, ezbeharretik hilabete igaro dela gogoratzeko. Datorren ostegunerako, berriz, lanuzteetara deitu du Zaldibar Argituz plataformak Eibarren (Gipuzkoa), Ermuan, Zaldibarren eta Mallabian (Bizkaia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.