Eibar 1-2 Mallorca

Sufrimenduaren txartela erosi du Eibarrek

Galdu egin du jaitsieran den Mallorcaren aurka Ipuruan, eta aukera paregabea galdu du aurkari zuzen bat oso atzean uzteko. Bi puntura jarri zaio, armaginek partida bat gutxiago duten arren.

jarraia178524.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 7a
15:18
Entzun

Eibarrek sekulako hanka sartzea egin du Ipuruan: jaitsieran zen Mallorcaren aurka galtzea aberia larria da, eta egoera gehiago gaiztotzen da sailkapena ikusita, bi puntura jarri zaiolako gaurko aurkaria. Etxekoek irabazi izan balute, zortzi puntura utziko luke, eta aurrerapauso handia izango zen mailari eusteko helburua lortzeko. Ondorioa orain beste bat da, ordea: sufrimendurako txartela erosi du Eibarrek, eta baliteke liga amaitu arteko bidaia zailerako izatea txartel gaizto hori. 

Mallorcak lehen aldiz irabazi du gaur etxetik kanpo liga honetan, eta Eibarrek etxeko azkenaldiko jardun onari etena jarri dio, azken lau partidetatik hirutan irabazle izan zelako. Norgehiagokaren hasierak ez du ezer onik iragarri, eta halaxe izan da azkenean. Hasi orduko ia aurreratu egin da kanpoko taldea, Cucho Hernandezen bitartez, baina Dmitrovicek sekulako urruntzea egin du. Azkar erantzun dio Eibarrek, Jose Angelen bidez falta jaurtiketa batean; langak urrundu du baloia. 

Ondoren etorri dira etxekoen minutu onenak, preso hartu duelako aurkaria haren zelaian. Ez dio ateratzen utzi, eta etxekoak baloia jabetza onak lotzen ibili dira. Erraz eraman dute baloia hegaletara, baita erdiratu ere, baina baloi jartze horiek zehatzak ez direlako izan, batetik, eta Mallorcako atzelariek Eibarreko aurrelari parea (Enrich eta Charles) ondo lotuta eduki dutelako, bestetik, batere minik ez dute egin armaginek. Kolpea, gainera, aurkariak eman die lehen zatia amaitzear zela. Egin behar ez zen falta egin du Arbillak area ertzean, ezkerraldera, eta Dani Rodriguezek barrura bota du, inork ukitu gabe. 42. minutua zen. 

Bigarren zatian ez da gauza handirik gertatu, etxekoen kalterako. Mallorcak atzean sartuta jarraitzen zuen, bost atzelarirekin, eta Eibarrek erdiraketa antzuekin baino ez du pixka bat estutu. Aukera onenak, gainera, kanpotarrek beraiek izan dituzte, eta bat oso garbia, Cuchurena: ia ateko zuloan kanpora bota du baloia. Ikusi da kontraerasoan zital zebilela Mallorca, eta 78. minutuan, Orellanak baloia galdu du zelai-erdian, ezker hegalean. Baloia Kuborengana heldu da, eta area gainetik egindako jaurtiketa barrura joan da, zutoina jo ondoren. 

Ez du amore eman etxeko taldeak, eta minutu batzuk aurrelari zeramatzan Bigas erdiko atzelariak gola egin du Eibarrentzat, 92. minutuan. Alferrik, ordea. Hiru puntuek ihes egin dute Ipuruatik, eta aurkari zuzen batek eraman ditu, gainera. Armaginen hurrengo erronka datorren asteartean izango da, Realaren aurkako derbian, Zaldibarko luiziaren ondorioz atzeratu zena. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.