Gasteiz, Bilbo eta Basauri jo ditu gogorren koronabirusak

Osakidetzak 4.500 proba egin ditu. Guztira 1.190 pertsonak eman dute positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gehienak adinekoak dira, eta Araban aurkitu dituzte.

Txagorritxuko ospitalean daude ospitaleratutako gaixo gehien, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 19a
17:52
Entzun

Ospitaleratuta daudenen datuak argitaratu ditu Jaurlaritzak. Proban positibo eman dutelako ospitalean dauden gaixo gehienak Txagorritxuko ospitalean daude, Gasteizen: 224 paziente. COVID-19a duten 60 eta 54 gaixo daude, hurrenez hurren, Galdakaoko eta Gurutzetako ospitaleetan, Bizkaian. Gipuzkoan, berriz, 24 pertsona daude Donostiako ospitalean, eta hamasei Eibarkoan.

Herriz herri, Gasteiz da koronabirusak kalterik handiena egin duen hiria: erregistratutako 1.190 kasuetatik 502 bertan aurkitu dituzte. Bilbon 83 pertsonak eman dute positibo, eta, Basaurin, 71k. Beste herri eta hirietan, gehienez, hogei kasu inguru daude, eta gehienetan bakarkako kasuak dira. Nafarroan 482 kasu diagnostikatu dituzte denera, baina Nafarroako Gobernuak ez du hiriz hiriko daturik eman.

Osakidetza koronabirusaren sintomak dituztenei proba gehiago egiten ari zaie azken egunetan, eta hala azaltzen du gaur goizean Eusko Jaurlaritzak zabaldu duen txostenak. Eguerdian egin du agerraldia Nekane Murga Osasun sailburuak Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera.

Hainbat datu azpimarragarri biltzen ditu txostenak. Otsailaren 24an egin zuen koronabirusaren lehen proba Osakidetzak, eta bost egun beranduago erregistratu zen lehen positiboa, otsailaren 29an. Ordutik 4.512 test egin dituzte osasun zerbitzuek, 4.028 pertsonaren egoera jakiteko; horietako 1.500 baino gehiago, azken hiru egunetan.

Guztira, 1.190 pertsonak eman dute positibo. Ia parean daude zenbakiak gizonei eta emakumeei dagokienez: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 607 gizonezkori aurkitu diete koronabirusa, eta 583 emakumeri.

Adin tarte guztietako pertsonei eragin die koronabirusak, baina 50 urtetik gorakoak dira kolektiborik kaltetuena —kasuen %65 inguru—. 30 urtetik beherakoen artean ehun kasu eskas daude.

 Hildakoei dagokienez, gaitza aurkitu zaienetatik 53 hil egin dira, eta osatu, berriz, 18 soilik oraingoz. Koronabirusaren heriotza tasa adinak gora egin ahala handitzen da: 90 urtetik gorakoen artean, %26,5 da; 80 eta 89 urte bitartean dituztenen artean, %13; eta 70 eta 79 urte artekoetan, %6,1. 50 urtetik beherakoen artean, pertsona bakarra hil da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.